Udaberriaz geroztik, lehortea jasaten ari da kontinente zaharraren zati handi bat. Iragarpenen arabera, eguraldi beroagoa eta lehorragoa izanen da irailera arte, eta, ondorioz, etengabea izanen da bero-boladak izateko arriskua.

Denbora luzez euri gutxi egin du, eta bero-bolada larriak izaten ari dira bata bestearen atzetik; ondorioz, lehortea okerrera egiten ari da Europa osoan. Maiatzeko seinale kezkagarrien ondoren , lehortea are gehiago okertu da uztailean eta abuztuan. Ondorioz, Europako lau ibai nagusiak —Loira, Po, Rhin eta Danubio— gutxienezko maila historikoetara iritsi dira abuztuan, Lurra behatzeko EBren Copernicus programaren arabera.

Berokuntza globalaren eraginez, muturreko bero-boladak izan dira Europan, eta, ondorioz, okerrera egin du lehorteak, udaberritik aurrera izandako prezipitazio urrien eta batez bestekotik gorako tenperaturen ondorioz. Baldintza horiek baso-sute suntsitzaileak eragin dituzte, besteak beste, Alemanian, Belgikan, Frantzian, Portugalen, Grezian, Kroazian, Serbian eta Espainian.

Iragarpenen arabera, abuztuan eta irailean tenperatura altuagoak izanen dira. Gainera, El Niño fenomenoaren eraginez, ohikoa baino tenperatura altuagoak izanen dira, eta tenperaturak gora egiten joanen dira 2027ko udaberri ingururako .

Erretako azalera

Baliabide hidrikoak, laboreak, energia-sistema, ibai-garraioa, turismoa eta ekosistemak gero eta presio handiagoa jasaten ari dira. Horrez gain, kontinente osoan areagotu dira baso-suteak. Hala,  2026ko abuztuaren 5erako, erretako azalera handiagoa zen, jadanik, 2025ean epe berean erretakoa baino. Iazko urtea orain arte Europan erregistratutako okerrena izan zen (1.034.552 hektarea) JRCk kudeatutako Europako Baso-suteei buruzko Copernicus Informazio Sistemaren (EFFIS) arabera.

JRCk kudeatutako Lehorteen Europako Copernicus Behatokiaren (EDO) arabera –abuztuaren 10ean eguneratu zen, eta uztailaren 21etik 31ra bitarteko epealdiko datuak biltzen dira–, ohartarazpen- eta alerta-mailako lehorte-baldintzak izan dira kontinentearen zati handienean, eta herrialde hauetan daude gune kritikoak: Frantzia, Alemania, Hungaria, Errumania eta Erresuma Batua.

Lurzoru eta ibai lehorrak

Prezipitazioen eskasia izan da, oraingoan ere, lehortearen faktore nagusia, eta euri-defizit larri bezain luzeak izan dira Europa erdialdean, Alpeetan, Italiako eta Erresuma Batuko hainbat eremu zabaletan, Iberiar penintsularen hego-mendebaldean, Balkanetan eta Ekialdeko Europan. EDO behatokiaren datuen arabera, prezipitazio-defizit handienak Alemaniaren hegoaldean, Alpeetan, Frantziaren erdialdean eta Ukrainaren mendebaldean erregistratu ziren.

Lurzoruaren hezetasun-maila ohikoa baino baxuagoa izan zen erdialdeko eta ekialdeko Europako zati handi batean; emari maila oso baxuek, berriz, eragina izan zuten Europa erdialdeko eta ekialdeko, Norvegiako, Finlandiako, Alpeetako, Italiako iparraldeko eta Alemania eta Frantziako ibai nagusietako arro hidrografikoetan.

Halaber, landarediaren adierazleek erakusten dute baldintzak okertu egin direla Frantziako, erdialdeko Europako, Hungariako eta Errumania mendebaldeko eremu batzuetan. Hala, leku horietako bero iraunkorrak eta euri-faltak gero eta traba handiagoak jartzen dizkiete udaberriko eta udako laboreei. JRCren MARS buletinaren arabera (uztailaren 27an argitaratu zen), EBko errendimendu-aurreikuspenak azken bost urteetako batezbestekoaren zertxobait gainetik daude, baina iazko mailen azpitik.

Aurreko hilabetearekin alderatuta, neguko uzta-aurreikuspenak % 1 eta % 4 artean murriztu dira, eta alerako artoaren eta ekilorearen kasuan, % 6 eta % 7 arteko murrizketa aurreikusten da.

Europako lehorte-adierazleei buruzko datu eguneratuak hamar egunean behin daude eskuragarri  Lehorteen Europako Behatokiaren (EDO) webgunean.

Informazio gehiago