Berotegi-efektuko gasen isurketak murriztu egin ziren EBko 7 herrialdetan
Eurostatek bildutako datuen arabera, EBko ekonomiaren berotegi-efektuko gasen isurketak, urtaroen arabera doituta, 837 milioi tona CO2 baliokidekoak (CO2-eq) izan ziren 2026ko lehen hiruhilekoan, hau da, % 0,3ko igoera izan zen 2025eko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta (835 milioi tona CO2-eq). Aldi berean, EBren barne-produktu gordina (BPG) aldaketarik gabe mantendu zen 2026ko lehen hiruhilekoan, 2025eko azken hiruhilekoarekin alderatuta.
Europar Batasuneko estatistika-bulegoak hiru hilean behin argitaratzen du informazio hori, eta EBko herrialde guztietako datuak jasotzen ditu, Eslovenia, Espainia eta Herbeheretakoak izan ezik. Estatu horiek beren datuak argitaratzen dituzte.
Berotegi-efektuko gasen emisioetan hazkunderik handiena izan zuen sektore ekonomikoa elektrizitatearen, gasaren, lurrunaren eta aire girotuaren horniduraren sektorea izan zen (+% 4,8). Aldiz, etxebizitzek (-% 1,3), manufaktura-industriak eta garraio eta biltegiratzeen sektoreak (-% 0,6) izan zituzten murrizketa handienak. 2025eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, isurketak % 1,2 murriztu ziren, eta EBko BPGa, berriz, % 0,8 igo zen.
EBko 7 herrialde
2026ko lehen hiruhilekoan, berotegi-efektuko gasen emisioek –urtaroen arabera doituta– gora egin zuten EBko 20 herrialdetan, eta behera 7 herrialdetan, 2025eko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta.
Berotegi-efektuko gasen murrizketa handienak Eslovenian (% -5,0), Luxenburgon (% -3,8) eta Errumanian (% -2,7) izan ziren.
Berotegi-efektuko gasen isurketen hazkunderik handienak , berriz, Estonian (% +9,7), Finlandian (% +6,4) eta Bulgarian (% +4,6) izan ziren. Batez ere, eraikuntzaren eta elektrizitatearen, gasaren, lurrunaren eta aire girotuaren hornikuntzaren sektoreetako isurketen gorakadak eragin ditu hazkunde horiek.
2026ko lehen hiruhilekoan, EBko 20 herrialdetan, hazi egin ziren berotegi-efektuko gasen isurketak; horietatik 18tan, BPGak ere gora egin zuen. Zazpi herrialdetan, berriz, murriztu egin ziren berotegi-efektuko gasen emisioak. Azken horietatik lauk BPG handiagoa edo egonkorra izan zuten.