Bruselak neurriak bultzatu nahi ditu Europako energia-sistemaren egiturazko erresilientzia areagotzeko, hala, laburragoa izan dadin erregai fosilik gabeko Europa batera iristeko bidea.

Europako Batzordeak komunikazio bat onetsi du, zeinaren bidez, estatu kideei irizpide gehigarriak ematen baitizkie defentsarako  babes-klausula nazionalaren aplikazio-esparrua zabaltzeko eta, modu horretan, energia-segurtasunaren arloko neurriak ere barne hartzeko. Komunikazio horretan, hain zuzen, zehazten da zein izanen den aurrekontu-malgutasuna eskatzeko prozedura, malgutasun horrek zer trataera izanen duen EBren aurrekontuak ikuskatzeko prozeduren esparruan eta prozedura horren segimendua nola eginen den.

2026ko ekainaren 3an, Ekialde Hurbilean abian den gatazkaren karietara, iragarri zuten babes-klausula nazionala zabaldu, eta klausula horretan energia-segurtasunaren arloko neurriak barne hartu ahal izateko aukera, Europako Seihilekoko udaberriko txostenaren barruan. Prozedura malgutuz, Europako energia-sistemaren egiturazko erresilientzia areagotu nahi dute, eta erregai fosilak alde batera uzteko trantsizioa azkartu.

Aurrekontu-jasangarritasuna

2026ko otsailaren 28tik aurrera onetsitako aurrekontu-neurriak soilik malgutu ahal izanen dira. Diruz laguntzen ahal diren neurriak estatu-mailan finantzatu behar dira, eta eragin zuzena izan behar dute aurrekontuan. Horrez gain, ahalik eta eragin handiena izateko eta, aldi berean, kostu fiskala minimizatzeko moduan diseinatu behar dira neurriok. Aipaturiko komunikazioan, diruz laguntzen ahal diren neurrien zerrenda bat agertzen da, adibide modura (zerrenda hori ez da osotzat hartu behar). Ondoren, Batzordeak kasuz kasu aztertuko du zein neurri onartzen dituen eta zein ez.

Malgutasuna aplikatzean, aurrekontu-jasangarritasuna ere zaindu beharko da. Gastu garbiaren ibilbidetik (TNE) desbideratu ahal izateko, barne-produktu gordinaren (BPG) % 1,5eko egungo gehieneko muga globalari eutsi beharko zaio. Energia-segurtasunaren arloko neurrietan, urteko BPGaren % 0,3ko muga ezartzen da urteko, eta BPG metatuaren % 0,6ko muga, BPGaren % 1,5eko gehieneko muga globalaren barruan. Zehazki, 2026-2028 epealdian aplikatu ahal izanen dira malgutasun-neurriak.

Aplikatu beharreko mugak gainditzen dituzten gastuak EBko aurrekontu-esparruko betetze-maila estandarraren arabera ebaluatuko dira. Hala, bermatu ahal izanen da, malgutasun gehigarria aplikatzean, finantza publikoak garbi daudela eta aurrekontu-jasangarritasuna mantentzen dela.

Informazio gehiago