Irailaren 7an sormen-industriako arduradun politikoak, hezitzaileak eta liderrak bilduko dira Bruselan, CSW2026k deituta.
Datorren irailaren 7an hasiko da, Bruselan, Sormenerako Trebetasunen Astea. Aurtengo edizioan, sormenerako konfiantzaren kontzeptuari buruz hausnartuko duen diziplina anitzeko aditu-talde bat bilduko da. Hain zuzen, sormenerako konfiantzaren kontzeptuak honakoa adierazten du: pentsamendu sortzailea ekintza bihurtzeko gaitasuna eta tradizionalki bereizita egon diren ezagutza espezializatuak bateratzea. Hala, lankidetzaren eta inklusioaren bidez, banako nahiz erakundeek aurrera egin dezakete, pentsamendurako eta ekintzarako eredu berriak sortzen dituzte eta ikuspegi berritzaileak garatzen dituzte egungo erronkei aurre egiteko.
Sormen-trebetasunak garapen profesionaleko estrategietan txertatuz, erakundeek behar duten konfiantza lortzen dute erronkei aurre egiteko, esperimentatzeko eta aurrera egiteko, aldaketak abiada bizian gertatzen diren garaiotan.
Trebetasun horiek errotuta daude kultur arloko praktiketan, baina kultura- eta sormen-sektore eta -industrietatik (CCSI) haratagoko garrantzia dute. Sektorearen barruan, trebetasun horien bidez, berrikuntza bultzatzen da, narratibak moldatzen dira eta diziplinarteko eta mugaz gaindiko lankidetza-modu berriak sortzen dira.
Ekonomiaren eremuan eta, oro har, gizartean, berriz, sormen-trebetasunak geroz eta lagungarriagoak dira berrikuntzarako eta arazoak konpontzeko, hainbat sektoretan (besteak beste, hezkuntza, gobernantza digitala, osasun-sistema, giza baliabideak eta datuetan oinarritutako erakundeak).
Aliantza estrategikoak
CSW2026 ekitaldia ez da mugatzen sektorearen barneko eragileen arteko lankidetzara; aitzitik, eremu politiko eta praktiko guztien arteko aliantza estrategikoak ditu helburu. Sormenerako Trebetasunen Astean, goi-mailako eztabaidak, kasu-azterketak eta sektore arteko aurkezpenak egiten dira, eta, horien bidez, erakusten da sormen-trebetasunek nola funtzionatzen duten praktikan, eta zergatik ematen duten ikuspegi desberdin bat, erronkak birplanteatuz, ekosistemak konektatuz eta Europaren ekintza-gaitasuna moldatuz.
Gainera, aurtengo edizioa mugarri izanen da CYANOTYPES proiektuarentzat , zeinak CSW2026 ekitaldiaren antolakuntzan parte hartzen baitu. Hala, CYANOTYPES proiektu pilotuak erakutsiko dira , CYANOTYPES esparruaren inplementazio errealak eta, halaber, proiektuaren gomendio politikoak.
Honako hauek antolatzen dute Sormenerako Trebetasunen Astea 2026: EIT Culture and Creativity , CYANOTYPES eta Creative Futures Academy , Creative Pact for Skills , CREDEX eta GreenCCIrcle proiektuarekin lankidetzan.
Bestalde, hauek dira ekitaldiaren antolatzaileak: ICHEC Brussels Management School eta LUCA School of Arts , eta ELIA erakundeak egiten ditu komisariotza lanak. Halaber, Europar Batasuneko 2026ko Kontseiluaren presidentetza irlandarrari lotutako ekitaldi gisa dago aitortuta.
CSW2026 programa
Hiru egunez, kultura eta sormen arloko sektoreak eta industriak –eta horietako eragile nagusiak– aldaketarako eragile bihurtzen dira. Sormenaren bidez, gai dira diziplinen arteko hesi ikusezinak hausteko, berezkotzat jotzen diren usteak zalantzan jartzeko, alternatiben prototipoak sortzeko eta konplexutasuna ekintza bihurtzeko. Programan, politika praktikarekin lotzen da, Europako lehentasunak tokiko jarduerarekin konektatzen dira eta kultura eta sormena berrikuntzarako, erresilientziarako eta eraldaketarako motor bihurtzen da.
- Irailak 7, astelehena: 1. EGUNA — Zergatik dira garrantzitsuak sormen-trebetasunak? Gehiago jakiteko
- Irailak 8, asteartea: 2. EGUNA — Sormen-trebetasunak nola bihurtzen diren sistema. Gehiago jakiteko
- Irailak 9, asteazkena: 3. EGUNA — Zer aldatu behar da? Gehiago jakiteko.