Europako Batzordeak Scaleup Europe Funtsa ezartzeko azken lege-neurriak bete ditu. Funts horrek hedatzen ari diren Europako enpresak bultzatuko ditu, azkarrago hazi daitezen eta mundu mailan lehiatu daitezen; hasierako helburua da 5.000 milioi euro biltzea.
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek honako hau adierazi du: “Europak enpresa berritzaileetan inbertitzen duenean, etorkizunean inbertitzen ari da. Horixe da gure Scaleup Europe Funtsaren helburua. Funts horrek bermatuko du hedatzen ari diren gure enpresek munduan lider bihurtzeko behar dutena hemen, Europan, aurkitu ahal izatea. Helburua da Europako berrikuntza lehiakortasun-abantaila bihurtzea”.
Funtsaren dokumentazio juridikoa onartuta, Scaleup Europe Funtsa sortu da, Berrikuntzarako Europako Kontseiluaren Funtsaren zati gisa. EQT kapital-inbertsioko enpresak bere gain hartu du inbertsioen kudeatzailearen eginkizuna, eta orain ahalmena du inbertsio-erabakiak modu independentean eta merkatu-baldintzetan hartzeko. EQT enpresa prozesu ireki eta lehiakor baten bidez hautatu zen.
Funtsak orain ahalmen osoz jardun dezake, Europan hedatzen ari diren enpresa nagusietan zuzenean inbertituz.
Kapital publikoak eta pribatuak
Datozen asteetarako espero dira lehenengo inbertsioak. Funtsak lagunduko die arlo teknologiko kritikoetan hedatzen ari diren enpresei; arlo horien artean sartzen dira adimen artifiziala, teknologia kuantikoak, bioteknologia eta teknologia garbiak, besteak beste.
Talde inbertitzaile sortzaileak bazkide publiko eta pribatuen koalizio handi bat bildu du, besteak beste, Novo Holdings; EIFO (Danimarkako Esportazio eta Inbertsio Funtsa); CriteriaCaixa; Santander/Mouro Capital; Fondazione Compagnia di San Paolo, Intestina Sanpaolo eta Fondazione Cariplorekin batera; APG Asset Management, Nederlandeko ABP pentsio-funtsaren izenean; Wallenberg Investments; Allianz; eta Europako Batzordea. Funtsen bilketak aurrera jarraituko du, gutxi gorabehera 5.000 milioi euroko helburua lortzeko.
Aurrekariak
Scaleup Europe Funtsa Batasunaren egoerari buruzko 2025eko hitzaldian iragarri zuen Von der Leyen presidenteak. Funts horrek lagunduko du bermatzen etorkizun handieneko Europako enpresak munduko lider bihur daitezkeela. Europak bikaintasun zientifiko finkatua eta enpresa berrien zorro sendoa baditu ere, potentzial handiko enpresa askok atzerrian bilatu behar izan dute eskalatzeko behar duten kapitala. Funtsa arrakala hori ixten laguntzeko eta Europako berrikuntzaren balioari eusteko sortu zen.
EBk Funtsean egiten duen inbertsioa Horizonte Europak babesten du; munduko ikerketa-programa handienak, alegia.