Helburua da sektorea modernizatzea eta haren lehiakortasuna indartzea.

Europako Batzordeak Industria Kimikorako Ekintza Plan bat aurkeztu du, sektorea modernizatzeko eta haren lehiakortasuna indartzeko.

Ekintza-planak funtsezko erronkei heltzen die, hala nola energiaren kostu handiei, mundu mailako lehia desleialari eta eskari urriari, eta, aldi berean, berrikuntzan eta jasangarritasunean inbertitzea sustatzen du. Planak honako neurri hauek proposatzen ditu:

  • Erresilientzia eta lehia-baldintza ekitatiboak: «Funtsezko substantzia kimikoen aliantza» ezartzea sektoreko instalazioak ixteko arriskuei aurre egiteko, eta merkataritza-defentsarako neurriak aplikatzea lehia leiala bermatzeko.
  • Energia eskuragarria eta deskarbonizazioa: Energia eskuragarrirako ekintza-plana azkar aplikatzea, energiaren eta lehengaien kostu handiak murrizten laguntzeko.
  • Merkatu aitzindariak eta berrikuntza: substantzia kimiko garbien eskaria bultzatzeko pizgarriak eta neurri fiskalak nabarmentzea.
  • Substantzia perfluoroalkilatu eta polifluoroalkilatuekin (PFAS) lotutako neurriak hartzea: PFAS emisioak minimizatzea, murrizketa sendo baten bidez eta oinarri zientifikoarekin, eta, aldi berean, alternatibarik ez duten aplikazio kritikoetan, etengabeko erabilera baldintza zorrotzetan eginen dela bermatzea.

Laugarren manufaktura sektorea

Planak legeria sinplifikatzeko neurri-sorta bat du, 6. omnibus neurri-sorta izenekoa, substantzia kimikoei buruzko EBko legeria nagusia arrazionalizatzen eta sinplifikatzen jarraitzeko. Horren barruan sartzen da produktu kimiko arriskutsuak etiketatzeko arauak sinplifikatzea, kosmetikoen arloko EBko araudia argitzea eta EBko ongarrien erregistroa erraztea. Neurri horiei esker, industriak gutxienez 363 milioi euro aurreztu beharko lituzke urtean

EBko industria kimikoa laugarren manufaktura-sektorerik garrantzitsuena da, 29 000 enpresa baititu. Enpresa horiek 1,2 milioi lanpostu zuzen sortzen dituzte, eta beste 19 milioi enplegu babesten, hornidura-kate guztietan. Industria Kimikorako Europako Ekintza Plana Lehiakortasunerako Iparrorratzean eta Industria Garbiaren aldeko Itunean oinarritzen da, eta sinplifikatzeko neurri-sortak, berriz, Von der Leyen presidenteak hartutako konpromiso honi erantzuten dio: EBko legeria sinplifikatzea eta administrazio-kargak murriztea, enpresei berritzen eta hazten laguntzeko.