Europar Batasuneko satelite-konstelazio enblematiko berria da: 66 unitate gehiago izanen ditu orbitan.

Europako Batzordeak eta SpaceRISE partzuergoak negoziazioak amaitu dituzte, eta betearazpen-akordio bat sinatu dute IRIS2, Europar Batasuneko satelite-konstelazio enblematiko berria zabaltzeko. Akordio horren bidez, besteak beste, 66 satelite gehiago izanen ditu programak Lurraren behe-orbitan. Hala, satelite-konstelazio nagusiak 348 satelite izanen ditu, eta, beraz, plangintza-fasetik eskala handiko hedatze-fasera igaroko da.

Urtarrilean hasitako negoziazioetan, programaren funtsezko parametroak eta egin beharreko doikuntzak finkatu dituzte (horien artean, sistemaren diseinua, ahalmena, hedapen-egutegia, gutxi gorabeherako prezioa eta operadore pribatuen inbertsioak).

Adostutakoaren arabera, Europako fabrikatzaileek konpromisoa hartu dute erresilientzia handiagoz diseinatzeko satelite berriak. Halaber, lehenengo pausoak eman dituzte jadanik, 2029aren aurretik lehenengo jaurtiketak egiteko.

Martxan jarritakoan, satelite-konstelazioak konektagarritasun subirano, seguru eta oso fidagarria emanen die Europako gobernuei, defentsa- eta segurtasun-indarrei eta Europa osoko larrialdi-zerbitzuei.

Planetatik hedapenera

Batzordeak, Europako Espazio Agentziak eta Europar Batasuneko Espazio Programarako Agentziak IRIS2 gauzatzeko beharrezkoak diren hurrengo urratsak zehaztu dituzte, SpaceRISE partzuergoarekin eta Europako industria-bazkideekin batera. Hala, besteak beste, sateliteen konstelazioa xeheki diseinatu dute, sateliteak eta lurreko azpiegitura seguru bat nola eraiki zehaztu dute, jaurtiketa-zerbitzuak kontratatu dituzte eta 2029tik aurrera konektibitate operatiboko zerbitzuen hedapen progresioa finkatu dute.

Etorkizunean, 348 satelite izanen ditu konstelazioak: 330 satelite Lurreko behe-orbitan eta 18 satelite erdiko orbitan, eta, aukeran, misio jakin batzuei laguntzeko elementu gehigarriak.

Konstelazio indartsuagoa

Etengabe aldatzen ari den segurtasun-inguruneari erantzun nahian, Batzordea IRIS2ren gaitasuna handitzen ari da, jatorrizko diseinutik haratago. Hala, Lurreko behe-orbitan, 66 satelite gehiagoko geruza bat ezarriko da, defentsa-, segurtasun- eta larrialdi-zerbitzuen gaitasunak areagotzeko. Modu horretan, are arkitektura hobea izanen dute zerbitzu horiek.

Errefortzu horiei esker, % 60 handituko da gobernuen gaitasun segurua EBren barruan eta % 54 mundu osoan, eta, aldi berean, nabarmen handituko da Europak krisi-garaietan funtsezko misioak babesteko duen gaitasuna.

Informazio gehiago