EBko nekazaritzako elikagaien merkataritza-soberakina handitu egin da 2026ko lehen bost hilabeteetan.
Europako Batzordeak EBko nekazaritzako elikagaien merkataritzari buruz argitaratu duen azken txostenak erakusten duenez, 2026ko lehen bost hilabeteetan EBko nekazaritzako elikagaien merkataritza-soberakina 19.400 milioi eurora iritsi zen; zenbateko hori 2025eko aldi berekoa baino 1.000 milioi handiagoa da. EBko nekazaritzako elikagaien esportazioen balioa 96.900 milioikoa izan zen 2026ko urtarriletik maiatzera bitartean, eta kopuru hori % 3 baxuagoa da 2025ekoarekin alderatuta.
EBko nekazaritzako elikagaien esportazioen hartzaile nagusia Erresuma Batura da, eta hara bidalitako esportazioen balioa % 3 jaitsi zen; izan ere, batetik, kakao-produktuen esportazioen balioa jaitsi egin zen, prezioen % 45eko beherakadaren ondorioz, eta, bestetik, zerealen esportazioen balioak ere behera egin zuen, bolumenen % 30eko murrizketaren ondorioz.
Ormuzko Itsasartea
2026ko martxotik aurrera Ormuzko itsasartea itxita egotearen ondorioz, % 28 jaitsi zen Arabiar Emirerri Batuetara egindako esportazioen balioa, eta ber gauza gertatu zen Persiar golkoko beste herrialde batzuekin, nahiz eta horietara betiere esportazio gutxiago bidaltzen diren. Aitzitik, Egiptora egindako esportazioen balioa % 36 igo zen, gariari esker. Ukrainara egindako esportazioen balioa ere % 11 igo zen, eta edari hordigarrien arloan erregistratu zen igoerarik garaiena.
Inportazioen balio metatua % 5 jaitsi zen (77.500 milioi eurora arte), iazko aldi berarekin alderatuta. Horren arrazoi nagusia da kakao-produktuen, zerealen, olio-hazien eta proteaginosoen inportazioek behera egin izana.
Boli Kosta, Nigeria, Kamerun eta Gineatik etorritako inportazioen balioek behera egin zuten kakaoaren prezioek behera egin ahala. Aitzitik, Argentinatik etorritako inportazioen balioa % 10 igo zen, batez ere ekilore-hazien inportazioek gora egin zutelako, eta Vietnametik etorritako inportazioen balioa % 9 igo zen, kafearen bolumenen igoerak bultzatuta.
Inportazioek fruten eta fruitu lehorren kategorian izan zuten igoerarik handiena (% 4, balioan). Oro har, EBko nekazaritzako elikagaien merkataritza erresilientea izan zen 2026ko lehen bost hilabeteetan, eta soberakinaren hazkundeak agerian uzten du sektoreak etengabe lehiatzeko indarra duela eta, halaber, merkatuaren baldintza aldakorretara egokitzeko gaitasuna.