Estatuak Greziako, Italiako eta Turkiako sei hegazkinen laguntza izanen du. Gainera, Portugaleko 134 pertsona eta 41 ibilgailu banatu dira suteak dauden lurretan.

Europar Batasunak laguntzako baliabideak banatu ditu Frantzian eta Espainian (EBren Babes Zibileko Mekanismoaren esparruan), baso-suteei aurre egiteko. Sute horiek Europan egin den ebakuazio-operaziorik handienetako bat eragin dute, 300.000 pertsona baino gehiago tokiz aldatu baitira Frantzian eta Espainian.

EBk zazpi hegazkin eta lau helikoptero bidali ditu Frantziara; Txekia, Kroazia, Alemania, Portugal, Eslovakia, Suedia eta Turkiakoak dira aireko ibilgailu horiek. Hegazkin horietako gehienak suteak itzaltzeko rescEU flotakoak dira. Espainian, EBk Grezia, Italia eta Turkiako sei hegazkin mobilizatu ditu, bai eta Portugaleko 134 pertsona eta 41 ibilgailu ere.

Laguntza koordinatzen

EBko Copernicus satelite-zerbitzuak larrialdiko mapa azkarrak ematen ditu, lekuan bertan egiten ari diren lanei laguntzeko. EBko Larrialdietarako Koordinazio eta Arreta Zentroa etengabe dago Frantziako eta Espainiako agintariekin harremanetan, zer laguntza gehigarri mobilizatu daitekeen ebaluatzeko, eta Europako Batzordeko lotura-funtzionario bat Bordelen dago, agintari nazionalei EBren laguntza koordinatzen laguntzeko.

Aurtengo baso-suteen denboraldia hasi aurretik, EBk prestaketa neurri batzuk hartu zituen; horien artean, Europako beste herrialde batzuetako suteetarako ekipoak Frantzian eta Espainian kokatu zituzten aldez aurretik, suteak hasi baino lehen, eta horri esker, berehalako laguntza eman ahal izan zieten Frantziako eta Espainiako taldeei.

 Herrialde batek EBko Babes Zibileko Mekanismoaren bidez laguntza eskatzen duenean, eskaera hori 37 herrialde parte-hartzaileei helarazten zaie. Herrialde horietako bakoitzak hegazkinak, helikopteroak, suteak itzaltzeko ekipoak, taldeak edo adituak jar ditzake eskatzailearen eskura, eta Batzordeak laguntza horien mobilizazioa koordinatu eta kofinantzatzen du. Eskaintza nazional horiek nahikoak ez badira, EBk rescEUra jo dezake, bere erreserba estrategikora, zeinetan 22 hegazkin eta bost helikoptero baitaude.