Laguntza zuzenak emanen zaizkie bidaiari, salgai eta ibilgailuen itsas garraioko zerbitzu erregularrak ematen dituzten enpresei; zehazki, penintsula Ceutarekin, Melillarekin, Balearrekin eta Kanariekin lotzen duten ibilbideetan aritzen diren enpresei.

Europako Batzordeak Espainiako estatu-laguntzen araubide bat onetsi du. Helburua da orotara 74 milioi euro ematea Ekialde Ertaineko krisiaren ondorioz erregaiaren prezioen igoera jasaten ari diren itsas garraioko enpresei. Araubide hori onetsi da Ekialde Hurbileko krisiari erantzuteko estatu-laguntzen aldi baterako esparruaren (METSAF) barruan, zeina Batzordeak 2026ko apirilaren 29an onetsi baitzuen.

Laguntza-araubidearen helburua da itsas erabilerako erregaiaren prezioen igoerak sortutako inpaktua arintzea, laguntzak emanez bidaiari, salgai eta ibilgailuen itsas garraioko zerbitzu erregularrak ematen dituzten enpresei; zehazki, Espainia penintsularra Ceutarekin, Melillarekin, Balearrekin eta Kanariekin lotzen duten ibilbideetan aritzen diren enpresei, eta, halaber, uharteen arteko ibilbide jakin batzuk egiten dituztenei. Laguntza hori dirulaguntza zuzenak ematean datza. Erregaiaren benetako kontsumoan oinarrituko da zenbatekoa; hori kalkulatzeko kontuan hartuko dira, batetik, erregistroko tonelaje gordinaren araberako koefiziente finko bat eta, bestetik, diruz laguntzen diren ibilbideetan egindako milia nautikoak. Araubideak diruz lagunduko ditu Ekialde Hurbileko krisiaren ondorioz 2026ko martxoaren 21etik irailaren 21era bitartean jasandako erregai-kostu gehigarriak. Laguntzek ez dute gaindituko Ekialde Hurbileko krisiaren ondorioz sortutako erregai-kostu gehigarrien % 70.

Laguntzak 

Batzordeak neurria ebaluatu du EBren estatu-laguntzei buruzko arauei jarraikiz, eta bereziki Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren («EBFT») 107. artikuluaren 3. apartatuko c) letrari, zeinak estatu kideei aukera ematen baitie jarduera ekonomiko jakin batzuk gauzatzen laguntzeko, baldintza zehatz batzuen mendean, eta halaber METSAFeko 1. eta 2.3. atalei jarraikiz.

Batzordeak egiaztatu du araubide hori bat datorrela METSAFen ezarritako baldintzekin. Kasu honetan, laguntzak emanen dira aurrekontu zenbatetsi argia duen araubide batean oinarrituta, eta haien xedea izanen da itsas garraioaren sektoreko jarduerak egiten dituzten enpresei aldi baterako laguntza ematea lanean jarrai dezaten. Batzordeak ondorioztatu du araubidea beharrezkoa, egokia eta proportzionatua dela, jarduera ekonomiko batean aritzea errazteko, eta ez dituela trukeen baldintzak aldatzen interes komuna kaltetzeko moduan.

Informazio gehiago