EBko fabrikatzaile, garatzaile eta tamaina guztietako enpresek beste orientabide batzuk dituzte orain eskura, Ziber-erresilientziari buruzko Legea aplikatzeko moduari buruz. Horrek lagunduko die prestatzen zibersegurtasuneko nahitaezko betekizunak eta jakinarazpenen alorreko betebeharrak betetzeko.
Batzordearen orientabide horiek azaltzen dute arau horiek nola aplikatzen diren. Argitzen dute zer produktu sartzen diren legearen aplikazio-eremuan, zer den funtsezko aldaketa bat, nola ulertu behar diren laguntza-aldiak eta nola bete behar diren informazio-betebeharrak eta arriskuak ebaluatzeko betekizunak.
Enpresek egindako galderei ere erantzuten diete, mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei arreta berezia emanez. Adibide praktikoak eman, eta zenbait kasu erabiltzen dituzte, beharrezkoak ez diren administrazio-karga guztiak gutxitzen laguntzeko.
AAren eredu aurreratuenek zibersegurtasuneko gaitasunak dituzte, eta egin berri diren aurrerapen horien ondorioz, are beharrezkoagoa da Ziber-erresilientziari buruzko Legea azkar eta zuzen aplikatzea. Ziber-erresilientziari buruzko Legea 2024ko abendutik aurrera dago indarrean, eta zibersegurtasuneko nahitaezko betekizun batzuk ezartzen ditu produktu digitalen bizi-ziklo osoan; jakinarazpenei buruzko betebeharrak, berriz, 2026ko irailaren 11tik aurrera aplikatuko dira. 2027ko abendura artekoa da horiek betetzeko epea. Horren aurretik, orientabideek beste urrats zehatz bat ezartzen dute Batzordearen sinplifikazio-programan.