EBren laguntzek berreraikuntzaren finantza-karga arinduko dute 2026ko urtarril-otsailetan izandako ekaitzen ondoren.

Europako Batzordeak Europar Batasuneko Elkartasun Funtseko (EBEF) 103,6 milioi euroko ordainketa aurreratuak onetsi ditu Maltarako, Portugalerako eta Espainiarako, herrialde horietan 2026ko urtarril-otsailetan izandako ekaitz suntsitzaileek eragindako kalteen ondoko berreraikitze-ahaleginen finantza-karga arintzeko. 

Maltak, Portugalek eta Espainiak EBEFi aurkeztutako laguntza-eskaeren ondorioz eman dira aurrerakin horiek, Batzordeak aldeko ebaluazio teknikoa egindakoan, hartan berretsi baita funts horretako dirua eskuratzeko irizpideak betetzen direla.

Espainia eta Portugal

2026ko urtarrilaren 22tik otsailaren 15era bitartean, ohi ez bezalako ekaitz bortitzak izan ziren Portugalen. Ekaitzek haize gogorrak, olatu biziak eta euri-jasak eragin zituzten eta, haien ondorioz, uholdeak eta luiziak izan ziren; 18 lagun hil ziren, kalte materialak handiak izan ziren eta funtsezko zerbitzuak eten ziren. Portugalek 65,37 milioi euroko aurrerakina jasoko du.

2026ko urtarrilaren 22tik otsailaren 14ra bitartean, ekaitz horiek Espainiari ere eragin zioten. Horren ondorioz, luzaroan eten ziren hornidura elektrikoa, ura eta telekomunikazioak, eta horrek milaka biztanleri eragin zien. Biztanleriak ere galera material handiak izan zituen, eta etxe asko suntsiturik edo haietan bizitzerik ez zela gelditu ziren. Espainiak 37,26 milioi euroko aurrerakina jasoko du.

2026ko urtarrilaren 19tik 21era bitartean, Maltak Harry ekaitzaren ondorioak jasan zituen. Ekaitzak uholde orokorrak eta garraio-nahasmenduak eragin zituen, baita kalteak kostaldean ere, eta ondorio nabarmenak izan zituen azpiegitura publikoetan, portuetan, arrantzan, akuikulturan, nekazaritza-aktiboetan eta tokiko komunitateetan. Maltak 931.014 euroko aurrerakina jasoko du. 

Elkartasun Funtsa

Batzordeak hiru eskaerei buruzko proposamen bat aurkeztuko die Europako Parlamentuari eta EBko Kontseiluari. Onetsiz gero, azken ordainketak geroago eginen dira, aurrekontuko baliabideen arabera. 

EBren Elkartasun Funtsa 2002an sortu zen eta, harrezkero, 11.000 milioi eurotik gora bideratu ditu 148 hondamenditan (128 hondamendi natural eta 20 osasun-larrialdi) laguntzeko, 25 estatu kidetan eta atxikitzeko bidean diren 6 herrialdetan. 

Informazio gehiago