Europako herritarrak gonbidatzen ditu iritzia eman dezaten aurrez hautatutako hamar diseinu-proposamenei buruz. Horretarako, online-inkesta bat betetzeko aukera egonen da irailaren 21era arte.
Europako Banku Zentralak (EBZ) jakinarazi du zein diren euroen billeteen hurrengo serierako aurrez hautatu diren diseinu-proposamenak, eta inkesta bat jarri du abian Europa osoko biztanleen iritzia jasotzeko. Proposamen horiek bi gai dituzte oinarri: «Europar kultura» eta «Ibaiak eta hegaztiak», baita horiek ilustratzeko aukeraturiko motiboak ere.
Aurrez hautatutako proposamenak Europar Batasunean antolatu zen diseinu-lehiaketa baten emaitza dira. Lehiaketa horretan 1.200 diseinatzaile grafikok baino gehiagok hartu zuten parte, eta haietarik 25 gonbidatu zituzten gai baterako edo bietarako proposamenak aurkeztera. 21 adituk osaturiko epaimahai independente batek hamar diseinu-proposamen aurreaukeratu zituen. Euroguneko banku zentralek kide bana izendatu zuten, hainbat eremutako adituak hautatuz, hala nola diseinu grafikoaren, komunikazioren, neurozientzien, eta historiaren arlokoak.
Online-inkesta
Europako biztanleek aukera dute orain adierazteko zer deritzeten azken hamar proposamen horiei, EBZren Gobernu Kontseiluak online-inkesta bat antolatzeko erabakia hartu baitu. Inkesta hori 2026ko irailaren 21ean bukatuko da. Iritziei buruzko azterlan independenteen enpresa batek beste inkesta bat ere eginen du aldi berean, eta euroguneko herritarren lagin adierazgarri bati galdera berberei erantzuteko proposatuko dio.
EBZk bi inkesten emaitzei buruzko txosten bat argitaratuko du, behin betiko diseinuaren kontzeptua hautatu ondoren. Erantzunak funtsezkoak dira Eurosistemaren ikuspegi inklusiboan, zeinak ziurtatzen baitu Europa osoko herritarren iritziak kontuan hartzen direla.
Gobernu Kontseiluak aurreikusten du urte bukaeran hartuko duela billeteen diseinu berriari buruzko behin betiko erabakia.
Ondoren, hautatutako diseinuari garapen- eta proba-prozesu bat ezarriko zaio, produkzio-fasera igaro baino lehen. Serie berriko billeteak hurrengo urteetan zirkulatzea espero da. Euroen orain arteko serieetako billeteak baliozkoak izanen dira eta serie berriko billeteekin batera zirkulatzen segituko dute. Hauxe izanen da 2002an jaulki zirenetik euroen billete guztiak berriz diseinatuko diren lehen aldia.