Aierdi kontseilariak eta INTIAko zuzendari kudeatzaileak karbono nekazaritzako praktiken aplikazioari buruzko azterlan espezializatu baten aurrerapena helarazi diete nekazaritza erakundeei.
José Mª Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eta Natalia Bellostas INTIAko zuzendari kudeatzaileak Nafarroako ustiategietan karbono nekazaritzaren bideragarritasuna ebaluatzeko azterlanaren aurrerapen bat aurkeztu diete nekazaritzako profesionalen erakundeei. Azterlan hori INTIAk eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) prestatu dute, eta ezagutza teknikoa indartzen du, lurzoruaren osasuna eta ustiategien erresilientzia hobetuko dituzten nekazaritza praktikak bultzatzeari begira.
Lanak ondorioztatzen du karbono nekazaritzako praktikek ingurumen onura eta onura agronomiko handiak ekartzen ahal dizkiela Nafarroako ustiategiei, nahiz eta horien ezarpenak ekoizpen sistemak hobetzeko estrategia integral bati erantzun behar dion, eta ez soilik karbono merkatuen bidez diru-sarrerak lortzeko itxaropenari.
Aurkezpenean UAGN, EHNE, UCAN eta Alinar taldeetako ordezkariek parte hartu dute, INTIAko eta NUPeko teknikariekin batera.
Nekazaritzako praktikak
Azterlanak agerian utzi du zenbait praktikak –adibidez, zuzeneko ereitea, landare estalkiak edo medeapen organikoen aplikazioa– lagundu egiten dutela lurzoruaren osasuna hobetzen, materia organikoaren edukia handitzen, kanpoko sargai jakin batzuekiko mendekotasuna murrizten eta ustiategiek klima aldaketaren aurrean egokitzeko duten gaitasuna indartzen. Testuinguru horretan, karbonoa bahitzeko potentziala onura erantsia da agronomia eta ingurumen hobekuntzen multzo zabalago baten barruan.
INTIAko Esperimentazio eta Azterlan Ekonomikoen arloetako eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Edafologia arloko langileek osatutako diziplina anitzeko talde batek prestatu du lana, SOILValues Europako proiektuaren esparruan.