Enerclusterrek eta Nafarroako Gobernuak topaketa bat bultzatu dute Bruselan, Industrial Accelerator Act delakoa Europako hornidura kate berriztagarria defendatzeko benetako tresna bihur dadin eskatzeko.
Nafarroako Gobernua, Enercluster, European Solar Manufacturing Council –ESMC– eta Alemaniako Sachsen-Anhal eskualdea Bruselan elkartu dira, Europako industria berriztagarriko 50 ordezkarirekin baino gehiagorekin, Europako erakundeei neurri eraginkorragoak eskatzeko Europan hornidura kate berriztagarria babeste eta indartze aldera.
Ekitaldiaren izena “Industrial Accelerator Act: Europan teknologia garbien sektorearen etorkizuna bermatzeko azken aukera” izan da, eta bertan elkartu dira eskualdeetako gobernuak, sektoreko elkarteak, sindikatuak, industria enpresak eta Europako Parlamentuko ordezkariak. Bertaratze zabala eta askotarikoa izateak erakusten du sektoreak interes handia duela tresna eraginkorrak izateko, Europak industria gaitasun propioa gal ez dezan trantsizio energetikorako funtsezkoak diren teknologietan.
Ezagutza teknologikoa
Azpimarratzekoa da Nafarroak zeregin nabarmena izan duela bai topaketa antolatzean, bai Bruselan bi urtez baino gehiagoz eskaera hori egitean, eta indartu egin duela energia berriztagarriei lotutako eskualde industrial gisa duen posizioa. Enerclusterren eta Nafarroako Gobernuaren bidez, Foru Komunitateak Bruselan defendatu du Europako industria politikak kontuan hartu behar dituela sektore berriztagarrian jada enpresa sarea, ezagutza teknologikoa eta ekoizpen gaitasuna dituzten lurraldeak.
Nafarroako arduradunek jarrera argia hartu dute: “Gure industria berriztagarriaren eta haren balio kate osoaren defentsaren buru izatea. Sektorea une kritiko batean dago, eta Europak ezin du galdu bere lehiakortasunerako, autonomia teknologikorako eta trantsizio energetikorako estrategikoa den industria gaitasuna. Horregatik, Nafarroako Gobernuak jarraituko du eskatzen, beharrezkoa den Europako foro guztietan, neurri eraginkorrak bultza daitezela gure industria eta balio kateko maila guztiak babesteko, enpresa handietatik hasi eta hornitzaile txikienetaraino”.
Parte-hartzaileek mezu partekatu bat helarazi dute: Industrial Accelerator Act delakoa aukera erabakigarria izaten ahal da Europako industria berriztagarriarentzat, baina aldaketa zehatzak egin behar ditu, benetan eraginkorra izateko. Sektorearen ustez, legeria berriak berekin ekarri beharko ditu zenbait neurri, Europako fabrikazioa bultzatzeko, hornidura katearen erresilientzia ziurtatzeko eta hirugarren merkatuekiko gehiegizko mendekotasuna saihesteko.
Aldaketak eta gaitasuna
Topaketak balio izan du, orobat, oraindik ere jarduteko tartea dagoela ohartarazteko. Antolatzaileentzat, beharrezko aldaketak identifikatuta daude eta orain da horiek txertatzeko unea; hau da, Accelerator Act industriala itxi, eta Europako industrian benetan eragiteko gaitasuna galdu baino lehen.
Iker Chascok, Enerclusterreko zuzendari-kudeatzaileak, honako hau adierazi zuen: “Batzordeari eta Europako Parlamentuari eskatutako tokiko neurriak urteak daramatzate aplikatzen merkatu handietan, hala nola AEBetan, Indian edo Brasilen, eta frogatu dute modu eraginkorrean babesten dutela industria ehun berriztagarria. Industrial Azelerador Act-ek antzeko neurriak aurreikusten zituen, baina, azken idazketan, eraginkorrak izatetik urrun geratu dira”.
Ekimen honen bidez, Enerclusterrek eta Nafarroako Gobernuak Europarentzat giltzarri den eztabaida batean lagundu nahi dute: nola bermatu, trantsizio energetikoak, berriztagarriak ez ezik, industria, enplegu kualifikatua eta autonomia teknologikoa ere sortzea Europan.