Europako Batzordeak 550 milioi euroko isuna ezarri dio erraldoi asiarrari, Zerbitzu Digitalen Erregelamendua ez betetzeagatik.

Europako Batzordeak 550 milioi euroko isunarekin zigortu du AliExpress enpresa, Zerbitzu Digitalen Erregelamenduak ezartzen dituen betebeharrak ez betetzeagatik; hain zuzen, AliExpressek ez dituelako bete bere merkataritza elektronikoko plataformaren bidez legez kanpoko produktuak, produktu ez-seguruak edo faltsifikatuak saltzeko arriskuak arduraz ebaluatu eta arintzeko dituen betebeharrak. Hala, hori konpontzeko neurriak har ditzan eskatu dio Batzordeak plataformari.

AliExpressek ez du bete Zerbitzu Digitalen Erregelamenduak enpresari ezartzen dion betebeharra arretaz ebalua dezan legez kanpoko produktuak, produktu ez-seguruak edo faltsifikatuak –plataformak eskaintzen dituen askotariko zerbitzuen bidez– zabaltzeko dagoen arriskua, eta ez du neurri eraginkorrik hartu legez kanpoko produktuak zabaltzeko arriskua murrizteko.

Ezarritako isunaren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartu dira, batetik, egindako arau-hausteen izaera, bestetik, arau-hauste horien larritasuna –horiek kaltetutako Batasuneko erabiltzaileen kopurua kontuan izanda–, eta, azkenik, arau-hausteen iraupena. Hain zuzen, gutxienez 2025eko ekainera arte egin ziren arau-hausteak , hau da, Europako Batzordeak AliExpressen aurkako aurretiazko ondorioak igorri zituen arte. Zerbitzu Digitalen Erregelamenduaren arabera, arau-hauste bereziki larriak dira arriskuen ebaluazio egokiak ez egitea eta arrisku sistemikoak eraginkortasunez ez arintzea.

Ekintza-plana

Erregelamenduak xedatzen duen moduan,  2026ko urriaren 20ra arteko epea du AliExpressek Batzordeari ekintza-plan bat aurkezteko. Plan horretan, hainbat neurri zehaztu beharko ditu arrisku sistemikoak ebaluatzeko eta arintzeko betebeharren ez-betetzeak konpontzeko. Plan hori jaso ondoren, hilabeteko epea izanen du Zerbitzu Digitalen Europako Batzordeak irizpena emateko. Ondoren, Europako Batzordeak beste hilabete bat izanen du azken erabaki bat hartzeko eta hura aplikatzeko arrazoizko epe bat ezartzeko.

Arau-hausteari buruzko erabakia ez betetzeak zehapen hertsatzaileak ekartzen ahal ditu. Europako Batzordeak lankidetzan jarraitzen du AliExpressekin, erabakia eta, oro har, Zerbitzu Digitalen Erregelamendua beteko dituela bermatzeko.

Informazio gehiago