Europako 22.200 bainu-eremu aztertu dira, eta % 85 inguru kalitate bikainekoak direla ondorioztatu da.

Europan, ezin konta ahala hondartza eta aintzira ditugu, uretan murgildu, eta bero-bolada gehiegi ekarri dizkigun uda honetako tenperatura altuak arintzen laguntzeko. EBk bainurako urei buruz egindako azken txostenaren arabera, bainatzeko leku gehienak kalitate “bikainekoak” dira.  

Aztertutako EBko 22.200 bainu-eremuetatik, % 85 inguru kalitate «bikainekoak» dira, irizpide zorrotzen arabera, eta aztertutako bainu-eremu guztietatik % 96k gutxieneko kalitate-irizpideak betetzen dituzte. Datuen arabera, % 1,5ek soilik dute kalitate “eskasa”.  

Estatuko uren % 91

Austrian, Bulgarian, Zipren eta Grezian dago uraren kalitate bikaineko bainu-eremuen ehunekorik handiena. Kalitate «bikaineko» bainu-urak dituzten ibaien eta lakuen ehunekoa zertxobait txikiagoa da (% 78) kostaldeko urena baino (% 88). Espainiako estatuan, kalitate bikaineko kostaldeko bainu-uren ehunekoa % 91koa da; aldiz, ibaietako eta lakuetako uren % 51,3 soilik dira bikainak bainurako, eta % 27,5 kalitate onekotzat jotzen dira.

Europako bainu-uren kalitate bikaina uraren kalitateari buruzko EBko legeriaren ondorio da, neurri handi batean. Hala, legeria horri esker: 

  • Kontrol- eta kudeaketa-praktikak hobetu dira, 
  • Hiriko hondakin-uren arazketa-instalazioetan inbertsioak egin dira, 
  • Hondakin-uren bilketa hobetu da, 
  • Giza osasunerako eta naturarako kaltegarriak diren alga jakin batzuen ebaluazioa hobetu da. 

Etengabeko ahalegin horiei esker, gaur egun, aukera dugu lehen oso kutsatuta zeuden hiriko ur-eremu eta ibai askotan bainatzeko.  

Informazio gehiago