Sare sozialak ez zuen betetzen Zerbitzu Digitalen Erregelamendua, eta, ondorioz, isuna ezarri zioten 2025eko abenduan.

Europako Batzordeak onartu egin du X sare sozialak gardentasun-betebeharrak betetzeko eta ikertzaileei datuetarako sarbidea bermatzeko prestatutako ekintza-plana. Hain zuzen, Zerbitzu Digitalen Erregelamenduan jasotzen dira betebehar horiek.

Onartutako neurriak urrats garrantzitsua dira ikertzaileek, gizarte zibilak eta, oro har, herritarrek gardentasun handiagoa izan dezaten X sare sozialeko sistemei buruz, eta, bereziki, X sarearen arrisku sistemikoak gainbegiratzeko eta plataformak erabiltzaileengan eta Europako gizarte osoan duen eragin zabala ebaluatzeko.

Batzordeak erabaki zuen X sare sozialak ez zuela betetzen Zerbitzu Digitalen Erregelamendua, eta, ondorioz, isun bat ezarri zion 2025eko abenduan. Hala, erabaki horren ondoren, X sareak konpromisoa hartu zuen bere publizitate-gordailua hobetzeko, eta bilaketa-funtzio hobeak eta erantzun-denbora azkarragoak ezartzeko. Horrez gain, publizitate-iragarkiei buruzko informazio gehiago argitaratuko du, eta API baten bidez sartzeko aukera emanen du.

Kanpoko auditoretza

Halaber, sare sozialak datu publikoetarako sarbide eraginkorra emanen die ikertzaile baimenduei, eskaeren baheketa-prozesua hobetuz eta bizkortuz, datuetarako doako sarbidea eskainiz eta baldintzak eguneratuz, hala, ikertzaile baimenduek kontratuzko debekurik izan ez dezaten datu publikoak biltzeko.

Kanpoko auditoretza independente batek ebaluatuko ditu aldaketa horiek, eta X sareak Batzordeari aurkeztuko dizkio emaitzak. Auditoretzak gomendioak identifikatzen baditu, X sare sozialak osorik aplikatu beharko ditu.

X sareak sei hilabeteko epea du ekintza-planean ezarritako neurriak aplikatzeko, eta, ondoren, neurrien auditoretza egin, eta Batzordeari aurkeztu beharko dio. Europako Batzordeak hurbiletik jarraituko ditu egindako aurrerapenak, bereziki, Zerbitzu Digitalen Europako Batzordeak proposatutako gaiei dagokienez. Era berean, Europako Batzordeak ekintza-planaren aplikazioari eta egiten ari diren jarraipen-jarduerei buruzko informazioa emanen die, aldizka, Zerbitzu Digitalen Europako Batzordeari eta zerbitzu digitalen koordinatzaileei.

Informazio gehiago