Sistemen arduradunek erabiltzaileei jakinarazi egin beharko diete noiz egoten ahal diren ultrafaltsifikazioen (deep fakes) eraginpean.
Europako Batzordeak argitaratu dituen gidalerro berrien bidez, adimen artifizialeko (AA) sistemak hornitzen dituzten enpresei eta horiek hedatzeko ardura dutenei lagundu nahi zaie Adimen Artifizialaren Erregelamenduak ezartzen dituen gardentasun-betebeharrak betetzen. Hain zuzen, 2026ko abuztuaren 2an hasiko da aplikatzen Erregelamendu hori.
Gardentasun-betebehar horiei esker, erabiltzaileek jakin ahal izanen dute noiz ari diren interakzioan AArekin, eta, halaber, AAk sortutako edo aldatutako edukiak bereizi ahal izanen dituzte. Hala, murriztu eginen da engainurako eta manipulaziorako arriskua. Jarraibideetan, zehazten da AAko sistemak hedatzeaz arduratzen diren zein enpresa hornitzailek eta zein arduradunek bete behar dituzten AAko sistema interaktiboen gardentasun-betebeharrak eta AAk sortutako edukiak markatzeari eta etiketatzeari buruzkoak.
Deep fake-ak
Adimen Artifizialari buruzko Erregelamenduaren arabera, enpresa hornitzaileek, AAko sistemak diseinatzean, jakinarazi egin beharko diete erabiltzaileei noiz ari diren zuzeneko interakzioan AArekin, eta, horrez gain, makina bidez irakurtzen ahal diren markak jarri beharko dituzte, AAk sortutako edo manipulatutako edukiak detektatzeko.
AAko sistemak hedatzeaz arduratzen diren enpresek, halaber, jakinaren gainean jarri beharko dituzte erabiltzaileak, baldin eta honako hauek agertzen bazaizkie: ultrafaltsifikazio edo deep fakeak; AAk sortuak izanik, interes publikoko gaiekin zerikusia duten eta giza berrikuspenik ez duten edukiak; eta emozioak ezagutzeko edo kategorizazio biometrikorako sistemak.