Dublinek iragarri du multilateralismoaren alde, merkatuak zabaltzearen alde eta Montenegro EBn sartzeko negoziazioak amaitzearen alde lan eginen duela.

Irlandak Zipreren lekua hartu du urte amaierara arte, eta bere presidentetzan garatuko duen agenda jakinarazi du; hiru helburu nagusi izanen ditu: “multilateralismoan” aurrera egitea, merkatuak zabaltzea eta Montenegro EBn sartzeko negoziazioak amaitzea.

Irlanda 1973an sartu zen EBn, eta zortzigarren aldiz arduratuko da sei hilean behingo presidentetzaz.

Europar Batasuneko Kontseiluaren presidentetza sei hilean behin txandakatzen da estatu kideen artean. Herrialde bakoitzak bere gain hartzen du lidergoa, txandakatze eta ordena sistema jakin baten arabera, eta, horren ondorioz, hogeita zazpi herrialdeetako bakoitzak txanda bat du hiru urte eta erdiz behin. Kontseilu Europarraren bileretan buru izatea eta haren lanaren eta organo horretatik sortzen diren legegintza prozesuen jarraipena ziurtatzea da zeregina. Gainera, Kontseilua ordezkatzen du EBko beste erakundeekiko harremanetan.

Merkatuak eta hedapena

Irlandako Presidentetzak eta Gobernuak seihilekoko agenda eta bere asmoak eman dituzte jakitera. Helen McEntee McEntee Irlandako Kanpo Arazoetako ministroak ziurtatu du Irlandak bereziki azpimarratuko dituela EBren zeregin globalaren garrantzia, multilateralismorako laguntza, eta giza eskubideak, demokrazia eta legearen inperioa sustatzeko egiten duen lana.

Irlanda EBren barruan nabarmendu da nazioarteko legezkotasuna defendatzeagatik. Adibidez, Espainiarekin eta Esloveniarekin batera, EBri eskatu zion Israelekiko Elkartze Akordioa eteteko, Gazako sarraskia zela eta.

Informazio gehiago