Europako Estatistika Bulegoak (Eurostat) argitaratu du datua, eta herrialdeen arteko aldeak eta gizarte-arrakala nabarmena azpimarratu ditu.
Eurostat Europako Estatistika Bulegoak argitaratutako azken azterlanetako batean ondorioztatzen denez, 2025ean, alde handiak egon ziren herrialdeen eta maila ekonomikoen artean, Europar Batasuneko etxebizitzetan energia-efizientzian egindako inbertsioari eta hobekuntzari dagokienez.
Hain zuzen, herrialde hauetan erregistratu dira energia-efizientzia hobetua zuten etxebizitzetan bizi diren biztanleen ehuneko handienak: Herbehereak (% 60,5), Danimarka (% 34,0), Frantzia eta Eslovenia (bietan, % 33,3). Ehuneko txikienak, aldiz, Italian (% 2,6), Maltan (% 7,8) eta Grezian (% 9,5) erregistratu dira. Espainiako estatuak % 19 inguruko datua du, Alemaniak baino zertxobait txikiagoa.
Pobrezia edo gizarte-bazterkeria arriskuan zeudenek joera txikiagoa adierazi zuten energia-efizientzia hobetuko etxebizitzetan bizi zirela aitortzeko (% 17,4), arrisku-egoeran ez zeudenekin alderatuta (% 25,6).
Alde hori are nabarmenagoa da Herbehereetan (% 45,3 eta % 63,3, hurrenez hurren), Zipren (% 16,7 eta % 30,3, hurrenez hurren) eta Danimarkan (% 22,9 eta % 36,4, hurrenez hurren).
Azken 5 urteetan energia-efizientzian hobekuntzak izan dituzten etxebizitzen datuen bidez, ikus daiteke etxebizitzak zenbateraino berritu diren energia-errendimendua hobetzeko. Energia-efizientzian egindako hobekuntza gisa hartzen dira etxebizitzaren baldintza termikoei eragiten dieten neurri guztiak. Energia-efizientzia hobetzeko orduan, berrikuntza-lan hauek egiten dira, nagusiki: kanpoko horma, sabai edo zoruetako isolamendu termikoa hobetzea; beira bakarreko leihoen ordez beira bikoitzeko edo hirukoitzekoak jartzea; eta berokuntza-sistema efizienteagoak instalatzea.
Zer da Eurostat?
Europako Estatistika Bulegoa da Eurostat. Europa mailako estatistikak eskaintzen ditu, eta horien bidez, alderaketak egin daitezke herrialde eta eskualdeen artean. Mota guztietako datuak eskaintzen ditu; gobernuek, enpresek, hezkuntza arloko erakundeek, komunikabideek eta, oro har, herritarrek beren lanean eta eguneroko bizitzan erabil ditzaketenak.