Edizio honetan ere mugaz haraindiko lankidetzarako erakundearen ordezkariak bildu dira: Frantziako Akitania Berria eta Okzitania eskualdeak; Aragoi, Katalunia, EAE eta Nafarroako autonomia erkidegoak; eta Andorrako Printzerria.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eskualdeen arteko lankidetzaren eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, batez ere udan gertatzen ahal diren larrialdien eta suteen kudeaketari buruzko gaietan, “suak ez baititu mugak errespetatzen” adierazi duenez. Asteazkeneko bileran, mugaz haraindiko lankidetzarako erakunde hori osatzen duten lurraldeetako ordezkariek parte hartu dute, hau da, lurralde hauetakoek: Frantziako Akitania Berria eta Okzitania eskualdeak; Aragoi, Katalunia, EAE eta Nafarroako autonomia erkidegoak; eta Andorrako Printzerria.
Hirugarren Batzorde Betearazlea Nafarroako Jauregian garatu da, eta bertan parte hartu dute, halaber, Sergio Perez Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak, Iñaki Martínez de Virgala PLEko idazkariak eta Borja Montesino Espainiako Gobernuko Mugaz Haraindiko Lankidetzarako Misio Bereziko enbaxadoreak; azken horrek informazioa eman du Kongresuak onetsi berri duen Espainiaren eta Frantziaren arteko Adiskidetasun eta Lankidetza Itunari buruz.
Zazpi lurraldeetako parte-hartzaileek Europako erregelamenduari buruz eztabaidatu dute, BridgeforEU Europar Batasuneko mugako eskualdeetako azpiegiturei eta zerbitzuei eragiten dieten mugaz haraindiko oztopoak identifikatu eta konpontzeko. Gainera, kezkatuta agertu dira kohesio funtsak zentralizatzeko aukerari buruz.
Interreg POCTEFA
Topaketari esker, PLEko zazpi lurraldeen (EAE, Nafarroa, Aragoi, Katalunia, Akitania Berria, Okzitania eta Andorra) adierazpen edo jarrera bateratu bat onetsi da, Frantziako eta Espainiako estatuetara ez ezik, 2028-2034 urte anitzeko finantza esparruaren aurrekontuen negoziazioaz arduratzen diren Europako erakunde nagusietara ere helarazteko, hau da, Europako Parlamentura, Europako Batzordera eta EBko Kontseilura, baita Europako Eskualdeetako Lantaldera ere.
Hirugarren Batzorde Betearazle horrek erabaki du PLE Europako INTERREG POCTEFA programaren kudeaketa agintaritza izateko hauta dadila eskatzea, 2007-2013 aldian egin zuen bezala. Orduan, Europako Lurralde Lankidetzako programa baten Kudeaketa Agintaritza kargurako hautatutako mugaz haraindiko lehen erakundea izan zen. Era berean, 2014-2020 aldia eta egungo 2021-2027 aldia kudeatu ditu.