Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adituek sinatutako azterlana aurkeztu du, eta orain Komisarioen Elkargoak hura aztertuko du, udazkenean legegintza proposamen bat egiteko.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak txosten bat aurkeztu du, zeinetan gomendatzen baita adingabeak sare sozialetan sartzeko esparru komun bat ezartzea. Proposatutako neurriek oraindik ez dute jaso Europako erakundeen izaera ofiziala, eta horien artean dago gazteei 13 urte bete arte sare sozialak debekatzeko gomendioa.
Batzordeko presidenteak azterlana egitea eskatu zuen orain dela hilabete batzuk, eta orain aurkeztu dena Joerg M. Fegert Alemaniako irakaslearen eta Maria Melchior Frantziako Osasun eta Ikerketa Medikoko Institutu Nazionaleko zuzendariaren baterako lanaren emaitza da. Aurkezpena egin ondoren, Komisarioen Elkargoa arduratuko da hura aztertzeaz, uda amaierarako legegintza proposamen bat egiteko.
Txostenak funtsezko hainbat puntu jasotzen ditu:
- Adingabeak sare sozialetan sartzea. Gomendatzen du pantailarik ez erabiltzea eta elkarreragin pertsonalak lehenestea bizitzako lehen bi urteetan.
- Defendatzen du 3 eta 12 urte bitarteko gazteei debekatzea Interneterako sarbidea duten gailuak ikuskapenik gabe erabiltzea. Gailu horiek ikastetxeetan erabiltzen ahalko dira helburu pedagogikoekin, alfabetatze mediatiko eta digitaleko, erresilientzia emozionaleko eta pentsamendu kritikoko konpetentziak garatzen laguntzeko. Beti denbora muga ezarrita. Azpimarratzen du gurasoek baimendu eta ikuskatu beharko dutela adingabeek erabiltzen dituzten ingurune digitalak seguruak direla
- Txostenak adierazten du 13 urtetik 18 urtera bitartekoak sare sozialetara eta beste eduki digital batzuetara sartzen ahalko direla, betiere edukiak adinerako egokiak badira eta segurtasun neurriak ezartzen badira.
Adituek gurasoak eta erabiltzaile adingabeak animatzen dituzte Interneten jarrera positiboa eta errespetuzkoa agertzera. Era berean, ohiko jardunbide txar batzuk alde batera uzteko premia gogoratzen dute; jardunbide horien artean daude, besteak beste, adingabeak bakarrik uztea pantailen aurrean, gainbegiratu gabe beren eduki gogokoenak ikusten dituzten bitartean, edo mugikorra adingabeen aurrean erabiltzeko ohitura.
Sei ordu egunean
Datuek errealitatea erakusten dute. Europa osoan, gazteek lau eta sei ordu bitartean ematen dute egunean pantailen aurrean. Sei ordu egunean: haien bizitzako hogei urte dira, guztira. Aldi berean, Europa osoan, haurren ia % 60k arazo emozionalak edo psikosozialak izan dituzte Interneten ondorioz.