Turismoaren sektoreak 807.000 milioi euro sortu zituen 2024an, eta 20 milioi pertsonari baino gehiagori ematen dio lana Europar Batasunean.
Europako Batzordeak gidalerro berriak argitaratu ditu, adierazteko nola aritzen ahal den Natura 2000 gune babestuen Europako sarea turismo jasangarriaren motor indartsu, aldi berean habitatak eta espezieak babesten dituzten ekosistema erresilienteak zaintzen dituela.
Turismoa EBko ekonomiaren zati handi bat da: 807.000 milioi euro inguru sortu zituen 2024an, eta 20 milioi pertsonari baino gehiagori ematen die lana.
Natura 2000 munduko eremu babestuen sare handiena da. Estatu kide guztietako 27.000 leku baino gehiago biltzen ditu, eta Europako basabizitzaren eta habitaten aniztasun aberatsa islatzen du. Natura 2000ko espazioetan, turismoaren jarduerak 50 eta 85.000 milioi euro artean sortzen ditu urtean, eta lanaldi osoko bi milioi lanpostu baliokide ditu, bereziki landa eremuetan, kostaldeko eskualdeetan eta eskualde menditsuetan.
Ekoturismoa
Gaur egungo gidalerroen helburua da guneen kudeatzaileei eta agintari nazionalei laguntzea oreka lortzen jarduera ekonomikoen (turismoa barne) eta kontserbazio eta leheneratze helburuak betetzearen artean. Horien barruan sartzen da, adibidez, habitaten eta espezieen gaineko presioak areagotzea eragoztea; izan ere, habitatek eta espezieek erakargarri bihurtzen dituzte ongi kudeatutako eremu babestu horiek turistentzat. Gidalerroek Natura 2000 guneak planifikatzeko eta kudeatzeko esparrua ematen dute. Ikuspegi horrek turismoa eta jolas jarduerak hartzen ditu kontuan, eta, halaber, ekoturismoaren garrantzi gero eta handiagoa nabarmentzen du, hau da, naturaguneetara arduraz bidaiatzearen garrantzia, ingurumena zaintzeko eta tokiko komunitateei mesede egiteko moduan.