Batzordeak neurri berriak proposatu ditu, EBk indar handiagoz erantzun diezaion etengabeko bilakaeran dagoen delinkuentzia-egoerari. Izan ere, delinkuentzia gero eta konplexuagoa, nazioartekoagoa eta digitalagoa da. Delinkuentzia larriari gero eta modu eraginkorragoan aurre egiteko, poliziak, aduanek, fiskaltzak eta epaitegiek lankidetza estuan jardun behar dute, ikerketa bat hasi eta behin betiko epaia jasotzen den arte.

Proposatutako neurriek EBk estatu kideei ematen dien laguntzaren alderdi guztiei eragiten diete: prebentzioa, detekzioa eta ikerketa, bai eta lankidetza judiziala eta epaiketa eraginkorra ere. Neurri-sorta horretan jaso dira, halaber, Europolen eta Eurojusten aginduak indartzeko bi erregelamendu, Europako ikerketa-aginduaren berrikuspen bat eta datuen babesari buruzko Erregelamenduaren zenbait aldaketa, Batasuneko instituzio eta erakundeendako.

Neurri horiek EBko agentzien eta estatuetako agintarien arteko lankidetza eta osagarritasuna hobetuko dute, barne harturik polizia, aduanak eta epaitegiak.  Neurri horiei esker, baterako ikerketak bultzatuko dira, epaiketak bizkortuko dira eta informazio-trukea erraztuko da, esparru juridiko argiagoa eta administrazio-zama txikiagoa ezarrita.

Europolen eta Eurojusten eginkizuna funtsezkoa da EBk aurre egin diezaien delinkuentzia antolatuaren sareei, mehatxu terroristei eta agente erasokorrei, zeinak mugaz gaindi, mundu-mailan eta Internet bidez diharduten, adimen artifiziala gero eta gehiago baliatuz.  Proposamen horiekin, Batzordeak bete ditu Von der Leyen lehendakariaren jarraibide politikoak eta Barne Segurtasuneko Europako Estrategia–ProtectEU.