Europako Batzordeak, Europolek eta EBko Kontseiluko Zipreko Presidentetzak Europolen azterketa berri bat aurkeztu dute, EBrentzat mehatxu handiena diren delitu-sareei buruz.
Ordena-indarren jardunari esker, delitu-sareak desegin dira EB osoan, baina txostenak agerian uzten du delinkuentzia antolatuaren mehatxuak indartsua izaten jarraitzen duela, eta sare horiek malguak direla eta sakon errotuta daudela Europa osoan. Txostenak 700 delitu-sare baino gehiago aztertzen ditu, 118 herrialdetako 400 000 kide baino gehiagorekin. Sareen % 85ek legezko enpresa-egiturak erabiltzen dituzte, eta horrek agerian uzten du mehatxuaren garrantzia, irismena eta nazioz gaindiko izaera.
Sare horiek hainbat esparrutan jarduten dute, hala nola droga-trafikoan, ziberdelinkuentzian, migratzaileen legez kanpoko trafikoan, gizakien salerosketan, iruzurrean eta kapitalen zuriketan, eta, oro har, «delinkuentzia zerbitzu gisa». Gero eta gehiago baliatzen dituzte teknologia digitalak, munduko merkataritza-fluxuak eta legezko enpresa-egiturak, delitu-jarduerak babesteko eta zabaltzeko. Jada ez dira modu isolatuan aritzen, baizik eta delitu-ekosistema jariakor baten zati gisa, aldaketetara azkar egokitzen dena, hutsuneak betetzen dituena eta delitu-aukera berriak baliatzen dituena.
Mehatxu horiei aurrea hartzeko, beharrezkoa da EB osoko segurtasun-indar eta -kidegoek arintasun berarekin jardutea. Europolen ondorioek berresten dutenez, poliziaren ahaleginak ez dira soilik banakako agenteetan oinarritu behar, baizik eta delinkuentzia antolatuak ustiatzen dituen sistemak eta kalteberatasunak jorratzean ere bai.
Xehetasun gehiago prentsa agirian kontsulta ditzakezu.