Etxetresna elektrikoen, gailu elektronikoen eta pneumatikoen kontsumitzaile, hornitzaile eta txikizkari europarrek etiketei buruzko arau sinplifikatuak izanen dituzte, Batzordeak proposatuta.
Energia-etiketen eta pneumatikoen etiketen arau sinplifikatuei esker, enpresa hornitzaileek eta txikizkariek bete beharreko baldintzak erraztuko dira eta, aldi berean, bermatuko da kontsumitzaileek behar besteko informazioa jasotzen dutela produktua erosterakoan. Neurri horrekin sustatu nahi da enpresa ekoizle eta hornitzaileek gailu eta pneumatiko hobeak eta efizienteagoak sortzea eta saltzea, gero kontsumitzaileek (bai enpresek bai familiek) energia aldetik efizienteagoak diren produktuak eros ditzaten. Horrela, denborarekin, kontsumitzaileek ere beren faktura energetikoak eta gastu arruntak murriztu ahal izanen dituzte. Etiketa berrienek –telefono adimendunen etiketak barne– iraunkortasunari eta konpontzeko erraztasunari buruzko informazioa ere jasoko dute; horrela, kontsumitzaileek gehiago iraunen duten produktuak aukeratu ahal izanen dituzte.
Energia-sektorea une erabakigarri batean dago: energia fosilen krisi batetik elektrifikazio-aro batera igarotzen ari da. Erronka horri aurre egiteko beharrezkoa da elektrizitate garbiaren ekoizpena nabarmen handitzea, baina baita elektrizitate hori zentzuz erabiltzea ere. Horregatik, energia-efizientziak ezinbestekoa izaten jarraitzen du.