Iruña aurrera egiten ari da datuak, teknologia eta jasangarritasuna pertsonen zerbitzura jartzen dituen hiri eredu adimendun baterantz. Azken bi urteotan, Iruñeko Udala lanean aritu da Helmugako Plataforma Adimenduna (DIP) sortzeko. Ekosistema digital komun horrek informazioa, zerbitzuak eta pertsonak konektatzen ditu, datuak bilduko ditu turismoaren kudeaketa jasangarri eta eraginkorrerako neurriak bultzatzeko, eta ekitaldi handien –sanferminak, kasurako– inpaktua neurtuko du.

Proiektuaren azken jardunaldia gauzatutako lanaren bukaera gisa antolatu da, eta Tres Reyes hotelean egin da gaur goizean. Hala ere, epea beste bi hilabetez luzatu da, abuztuaren 31ra arte, proiektuan aurrera egiten jarraitzeko. Hainbat aurkezpen eta hitzaldiren bidez, zenbait gai jorratu dira, hala nola elkarreragingarritasuna, beste helmuga batzuekiko sinergiak, toki entitateen zeregina edo egin beharreko hurrengo urratsak. Jardunaldian Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi delegatuak eta Turismo alorreko udal teknikari batzuek parte hartu dute.

Proiektua Turismoko Estatu Idazkaritzak bultzatutako eta SEGITTURek garatutako ekimen nazional baten parte da. Iruñeko Udalak 1.227.240 euro jaso zituen proiektu hori gauzatzeko, Helmuga Turistiko Adimendunen Sareko helmugetan plataforma teknologikoak eta soluzio digitalak hedatzeko laguntzen deialdi baten bidez, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) esparruan.

Iruñeko Helmugako Plataforma Adimendunak (Iruñeko HPA) hiriko turismoaren kudeaketa hobetu nahi du, datu eta tresna digitalak erabiliz, helmuga osoarentzat balioa sortzeko, bai administrazio publikoentzat eta enpresentzat, bai bisitarientzat eta biztanleentzat. HPAren helburua da ekosistema bat eraikitzea, hirian gertatzen dena hobeki ulertzeko, egoerei aurrea hartzeko eta erabaki informatuagoak hartzeko, turismoaren kudeaketa efizienteagoa, jasangarriagoa eta orekatuagoa ahalbidetuta.

Informazio gehiago