EBko Lurralde Kohesioko Politika eta Aurrekontu Batzordean izandako hitzaldian, Chivitek eskualdeek elektrifikazioan duten zeregina defendatu du, baita ibilgailu txiki eta eskuragarrien gakoa ere

María Chivite Navascués Nafarroako lehendakariak Europar Batasuneko Lurralde Kohesioko Politika eta Aurrekontu Batzordearen (COTER) bederatzigarren bileran parte hartu du asteazkenean. Bertan defendatu du eskualdeen zeregina “ukaezina” dela, automobilgintzaren sektoreak elektrifikaziorako trantsizioa egiteari dagokionez. “Eskualdeok erdigunean egon behar dugu, plan nazionalak eta finantza tresnak diseinatu eta gauzatzeko orduan” adierazi du. Halaber, gaineratu du Europako kohesio politikak “arrisku handiena duten eskualdeei” lagundu behar diela, Europako automobilgintzaren trantsizioak inor atzean utz ez dezan.

Bere hitzaldian, lehendakariak adierazi du automobilgintza “funtsezko sektorea dela Europa osoko ekonomia eta enplegurako, baina baita Europar Batasunak munduan izan behar duen ahalduntzerako, autonomiarako eta eginkizun geoestrategikorako ere”. Alde horretatik, gogorarazi du sektorea ez dela soilik kezkagarria zuzenean inplikatuta dauden eskualdeentzat, baizik eta “lehentasunezko helburua dela Europa osoarentzat”.

Halaber, azpimarratu nahi izan du «ibilgailu txiki eta eskuragarriak» bultzatu behar direla, automobilen elektrifikazio prozesua sozializatzeko, «finantzaketa publikoa eta merkatuko pizgarriak» baliatuta. Eskaintzaren aldetik, nabarmendu du “lantegien bihurketa erraztu behar dela, eta baterien, osagaien, birziklapenaren, I+G+Baren, robotizazioaren eta karga azpiegituraren estrategiari erantzun behar zaiola”. Eskariaren aldetik, lehendakariak beharrezkotzat jo du “ibilgailuen erosketa sustatzea, batez ere erosteko ahalmen txikiagoa duten segmentuetan”.

COTER da EBko Eskualdeetako Lantaldeko sei batzordeetako bat, eta 329 kidek osatzen dute, Batasuneko 27 estatuetako toki eta eskualde entitateak ordezkatzen dituztenek.

Informazio gehiago