Zabalik dago irailaren 17tik 20ra Lekarozen (Baztan, Nafarroa) ospatuko den Pirinioez gaindiko Gazteen 6. Foroan, izena emateko epea.  Pirinioetako Lan Elkarteko (PLE) kide guztien gazte zerbitzuek elkarlanean antolatutako ekimena da, Nafarroako Gazteriaren Institutua anfitrioia dela, eta Pirinio osoko 18 eta 30 urte bitarteko gazteak bilduko ditu.

Pirinioez gaindiko Gazteriaren Foroa TRAMPOLINE II, proiektuaren esparruan sortu da, Europar Batasunak finantzatuta haren % 65, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2021-2027). Seigarren edizio honetan bereziki aztertuko dira talentu gaztea eta belaunaldien arteko erreleboa Pirinioetan, mugaz gaindiko eskualdeek partekatzen duten erronka handietako bat baita. Foroak aztertuko du nola sortzen ahal diren baldintzak gazteei errazteko prestakuntza jasotzea, profesionalki garatzea eta, hala nahi badute, jatorrizko lurraldeetara itzultzea, era horretan lagunduz haien dinamizazio ekonomiko, sozial eta kulturalean.

Lau egunez, Pirinioetako lurralde desberdinetako gazteek, gazteriaren arloko profesionalekin batera, elkarrekin lan eginen dute, ardatz nagusi horren inguruko hausnarketa eta proposamenak eginez. Landuko diren gaietako batzuk izanen dira, besteak beste, enplegua, ekintzailetza, etxebizitza, mugikortasuna, sustraitzea eta lurraldeen jasangarritasuna.

Bertaratzeko interesa dutenek dagoeneko eska dezakete izena ematea edo informazio gehiago, beren lurraldeko erreferentearekin harremanetan jarrita, esteka honetan.

2026ko edizioak jarraipena emanen dio etengabeko bilakaeran dagoen partaidetza prozesu bati, eta ahalbidetuko du Pirinioez gaindiko Gazteen Bide Orrian jasotako helburuetan aurrera egitea, aurreko topaketetan gazteek beraiek identifikatutako lehentasunekiko konpromisoa indartuz.

Gonbidapena zuzendua dago Espainiaren, Frantziaren eta Andorraren artean praktikak trukatzeko, parte hartzeko eta eraikitzeko ekimen batean parte hartu nahi duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei. Lehentasuna emanen zaie, beren bizilekuagatik, lanbide esperientziagatik, ikasketengatik edo beste arrazoi batzuengatik landa eremuekin eta mugaz haraindiko eremuekin lotuta egon diren edo dauden pertsonei. Gainera, kupo bat gordeko da kolektibo kalteberetako pertsonentzat, taldearen aniztasuna bermatzeko, eta genero berdintasuna zainduko da.

Parte-hartzeak berekin dakar aktiboki aritzea Pirinioez gaindiko Gazteen Foroaren jardueretan, bai eta haien prestaketan eta ondorengo bileretan ere. Halaber, eskatzen ahalko zaie inkestetan, galdeketetan nahiz bestelako ekimenetan parte hartzeko; WhatsApp edo posta elektroniko bidez jakinaraziko dira horiek.

Kontsultatu hemen Foroaren behin-behineko egitaraua.

Informazio gehiago.