13.000 ekintza baino gehiagoren artean hautatu da, eta administrazioen kategoriako irabazlea ekainaren 4an aukeratuko da, Bruselan, Eskualdeetako Batzordean.

Nafarroako Hondakinen Partzuergoa ekainaren 4an joanen da Eskualdeetako Batzordera, Bruselara, ‘Ez naiz ezkutatzen, gardena naiz’ kanpainarekin, finalista atera baita administrazio publikoen kategorian, aurkeztu zuen ekimen horri esker, iazko azaroaren 22tik 30era bitartean egin zen Hondakinen Prebentziorako Europako 2025eko Astean.

Kanpaina finalista gisa hautatu dute Europako eskualde guztietako 13.000 akzio baino gehiagoren artean, Portugalgo Guimaraesko Udal Ganberarekin eta Arabako Probintzia Kontseiluarekin batera.
Nafarroa ordezkatzen duen kanpainak ostalaritza sektorearekin lan egin du, tabernen eta jatetxeen bidez, eta hondakinen sortzaile handi gisa jokatzen duen papera irudikatu du. Kanpainak defendatzen ditu prebentzioa, berrerabilpena eta bereizketa egokia. Nafarroako Hondakinak erakundeak erabaki zuen kanpaina espezifiko eta dinamiko bat abiaraztea, Nafarroako ostalaritza osoa ukituko zuena.

Ekintzaren helburu nagusia zen gardentasuna aldarrikatzea bereizketan eta eskaintzea, gardentasunez hau ere, iturriko ura ostalaritzako lokaletan, era horretan hondakinak murrizteko, eman zitzaizkien materialen bidez. Bideo bat argitaratu zen, Foru Komunitateko eremu guztietako parte-hartzaileekin, bi sexuen agerpena eta Nafarroako Foru Komunitateko errealitate linguistikoa kontuan hartuta. Modu alai eta dibertigarrian, eta hondakinak behar bezala kudeatzeko konpromisoa ikusarazteko, langileek esaten zuten “ni ez naiz ezkutatzen, gardena naiz”, eta leku harrigarrietatik agertzen ziren, esate baterako, kazola batetik, edukiontzi batetik edo lokaleko barraren atzetik.

Mezua oso argia zen, hondakinak koloretako poltsetan ateratzeko konpromisoa, eta bereziki zerbitzukoak eta barrakoak, kopa hautsiak eta zeramika edukiontzi eta poltsa gardenetan jartzea, egiaz praktika egoki batekin bat zetorrela ikusi ahal izateko.

Kanpaina finalistan honako hauek hartu dute parte: Nafarroako Gobernuak, mankomunitateek, ostalaritzako lokalen dozenaka jabek, materialak banatzen laguntzeko langileek eta ostalaritzako 650 establezimendu inguruk. Parte hartu dute, orobat, materialak hornitu dituzten enpresek: koloretako poltsak, kubo gardenak, ur banagailuak, amantalak…; eta Nafarroako Ostalaritza Elkarteak ere bai.

Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko sariek sei arlotako proiektuak aitortzen dituzte: administrazio publikoa edo tokiko agintariak; enpresak edo industriak; elkarteak edo GKEak; ikastetxeak; herritarrak eta proiektu bereziak.

Europako sarirako aurkezteko, erakundeek, lehenik eta behin, beren prebentzio, berrerabilpen edo birziklatze ekintzak inskribatu behar dituzte, eskualdeko koordinatzaileen bidez, aste ofiziala egiten den bitartean. Herrialde edo eskualde bakoitzeko proiektu nabarmenenak bakarrik hautatzen dira Europa mailan lehiatzeko.

Emaitza jakinaraziko da Eskualdeetako Batzordean, Bruselan, Europako Aste Berdearen barruan, eta proiektua defendatzeko, Oscar Rubio eta Maialen Azpirotz Nafarroako Hondakinen Partzuergoko kideak Europako hiriburu horretara joanen dira, eta Europako epaimahaiaren aurrean defendatu beharko dute proiektua.