Nafarroako Foru Komunitateko ordezkari instituzionalak parte hartu du Automobilgintza Industria duten Eskualdeen arteko Aliantzaren (ARA) Goi Mailako Konferentzian, Bilbon. Topaketaren ardatza da mugikortasun jasangarrirako trantsizioa bizkortzea eta jarrerak bateratzea Europako automobilgintzaren paketeari begira, errekuntzako motorrak ezabatzearen inpaktuari helduz.

Nafarroako gobernuburuak, Eskualdeen Europako Lantaldearen hizlari gisa EU Automotive Package delakoan, azpimarratu nahi izan du Nafarroak “erakusten duela mugikortasun elektrikoaren aldeko diskurtsoarekin batera ekintzak eta emaitzak iristen direla”. Gure ereduak mugikortasun elektrikoa bultzatzen du, automobilgintzaren inguruko eskualdeen ekosistema batean oinarrituta, lankidetza publiko-pribatuarekin, eta Foru Komunitateko gobernuburuak adierazi duenez, agerikoa da “borondatea eta konbikzioa badaude, ereduak funtzionatzen duela eta emaitzak iristen direla. Eta etorkizuna oso itxaropentsua izan daiteke, ongi eta garaiz jarduten bagara”.

Ildo horretan, nafar gobernuburuak gogorarazi du “Nafarroa punta-puntakoa dela Espainian mugikortasun elektrifikatuan”, kargatzeko puntuen hedapenari emandako bultzadarekin eta trantsizio energetikoarekin, jadanik 2024an berriztagarria izan baitzen ekoitzitako energia guztiaren % 68. Gainera, adierazi duenez, “mugikortasun elektrifikatuaren inguruan ditugun helburuak gainditu ditugu. Izan ere, iaz matrikulatutako ibilgailu elektrifikatuak % 34,2tik goiti izan ziren Nafarroan”. Hori guztia “Nafarroak urteetan egin duen zeharkako lanaren” emaitza dela adierazi du.

Horregatik, gobernuburuak aldarrikatu du “bide bakarra dagoela Europak aurrera egin nahi badu bere industrian, kalitatezko enpleguan eta autonomia energetikoan”. Eta ohartarazi duenez, “bizi dugun testuinguruak behin betikoa izan beharko luke, gelditu nahi dutenak ohar daitezen gelditzea Europako industriarekin amaitzea dela, milaka enplegurekin, eta are Europako proiektua bera zalantzan jartzea ere bai”.

Agintari nafarrak hitz horiek egin ditu sektoreko punta-puntako Europako eskualdeak bildu dituen goi-bilera batean, non Nafarroa funtsezko kide baita, eta buru izandakoa. Honako helburu eta gai giltzarri hauengatik nabarmentzen da topaketa: Jarrera bateratua EBren aurrean; Bidezko Trantsiziorako Mekanismoa, diru funts eta laguntza espezifiko gehigarriak sortuz, automobilaren hornidura katearekiko mendetasuna duten lurraldeentzat; eta ardatz estrategikoak, esate baterako, jardunbide egokien trukea sustatzea, besteak beste, gidatze autonomoari, erregai jasangarriei, lan trebakuntzari eta industria politika indartzeari buruz.