Nafarroa Kirolaren Europako Eskualde izendatu dute 2027rako, Kirolaren Hiriburu eta Hiri Europarren Elkarteak (ACES) Foru Gobernuari jakinarazi dionez. Entitate horrek adierazi du hautua egin dela Nafarroako Gobernuak arlo horretan duen “kirol politika eredugarrian” oinarrituta, “kirol instalazio bikainak, ongi egituratutako programak eta jarduera sorta zabala” eskaintzen baititu.
“Zorionak izen handiko aitorpen honengatik, zure eskualdeak irabazi baitu, eredu goresgarria delako guztiontzako kirolaren sustapenean, osasuna hobetzeko, gizarte integrazioa sustatzeko, hezkuntza errazteko eta errespetua bultzatzeko bitarteko gisa; hori guztia ACESen helburu nagusiekin bat etorriz”, jakinarazi du entitateak.
Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak goizean bertan jasotako albistea jakinarazi du gaur, gobernu bilkuraren osteko prentsaurrekoan. Bere hitzaldian, foru hautagaitza aurrera ateratzen lagundu duten pertsona guztien ahalegina eskertu du, “urte hauetan egin duten lanagatik, Nafarroa kirolaren alde apustu egiten duen eskualde bihurtu baitute, eskola kiroletik hasi eta eliteko kiroleraino”.
“Badakizue ebaluazio batzordeak duela egun batzuk bisitatu gintuela, Nafarroa pertsonalki ezagutzeko. Egun horietan gurekin izan zineten lagun asko, udalak, kirolariak, klubak, federazioak eta komunikabideak ere bai, eta zuen laguntzari esker, bisitaren emaitza oso ona izan da. Helburua zen, hainbat mugarri edo irizpidetan, 100 puntutik 75 lortzea, eta, bistan denez, hortik goiti ibili gara”, azaldu du Esnaolak.
Arrakasta kolektiboa
Kontseilariak nabarmendu duenez, izendapena “arrakasta kolektiboa da kirol sektorearentzat, herritarrentzat, hainbat erakunderentzat eta orobat, Nafarroako udalentzat, komunikabideentzat eta Gobernuarentzat berarentzat ere bai”.
“2027an Kirolaren Europako Eskualde izatearekin atxikitzen dugun konpromisoa denboran luze irauteko bokazioz sortu zen, etorkizuna hobetuko duen ondare baten bidez. 2027a nahi genuke 2030erako bultzada izatea, uste baitugu kirolak Nafarroa parekideagoa, osasungarriagoa, kohesionatuagoa eta jasangarriagoa lortzen laguntzen digula”, azaldu du Esnaolak.
Hark azaldu duenez, urte amaieran, Bruselan, Europako Parlamentuan, jasoko du saria Nafarroak, ACES Europaren aitortza jasoko duten beste hainbat herrialdetako hiri eta eskualdeekin batera. Eta horiekin loturak ezarri ahal izanen dira, lankidetzako programak abian jartzeko. Datozen hilabeteetan, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak 2027ko izendapenak ekarriko dituen berrikuntzak ezagutaraziko ditu.