Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusiak gaur goizean egin du Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsek Nafarroako eraldaketa turistikoan izan duten eraginaren komunikazioari eta dibulgazioari buruzko hirugarren jardunaldia. Oraingo honetan, Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planen (HJTP) bi kasu ezagutarazteko: Iruña SF365 eta Iruñerria Landa Eskualdea. Jardunaldi horrek barne hartu ditu proiektu eta jarduera garrantzitsuei bisita eta lurraldeko eragileekiko topaketa profesionala.
Lehenagoko jardunaldietan Baztan-Bidasoa eta Zangoza-Pirinioaurrea eskualdeetako ekintza eraldatzaileak ezagutarazi ziren, eta orduan bezala, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilari Rebeca Esnaola izan da ekitaldiko burua, eta hark nabarmendu du Europako finantzaketak sektorea bultzatzeko duen eragina: “Europako funtsek 85 milioi euro baino gehiago ekarri dituzte gure komunitateko turismo sektorearentzat eta, zehazki, gaur bisitatuko ditugun proiektuek 7.490.000 euro baino gehiagoko inbertsioa dute, inguru horretan. Aurrekontu horri gehitu behar zaio Turismo Zuzendaritza Nagusiak zuzenean kudeatutako planen ondoriozko beste jarduketa batzuk, guztira 1,2 milioi euro baino gehiagokoak. Zehazki, helmugen arteko kohesio jarduketa (HKJ) hauek: 5 Donejakue bideak, Nafarroa eta bere paisaia enogastronomikoak edo Nafarroa zirkularra, inklusiboa eta erresilientea; bai efizientzia energetikorako laguntzak ere”.
Iruñeko eta Iruñerriko Turismo eremuen Kudeaketa Unitateetan garatu dira Helmugako Jasangarritasun Turistikoko bi Plan (HJTP): Iruña SF365, 5.492.500 €-ko dirulaguntza jaso duena; eta Iruñerria Landa Eskualdea, 2.000.000 €-ko aurrekontuarekin.
Hiriburuan 13 ekintza desberdin egin dira guztira (handienetik txikienera, bideratutako aurrekontuaren arabera): sektorearen lehiakortasuna hobetzea, jarduketa teknologikoak, efizientzia energetikoa hobetzea eta trantsizio berde eta jasangarrirako jarduketak.
Hona hemen adibide garrantzitsuenetako batzuk: Donejakue bidearen ibilbideko hiri-drainatze sistema, bizikletentzako aparkaleku seguruak instalatzea, Seminario Etxea zaharberritzea, mugikortasun plan bat abiaraztea eta seinaleztapen turistiko irisgarri berria, zerbitzu turistikoen digitalizazioa (fluxuen analisia, mupiak, irrati gidak, pantailak, errealitate birtuala, etab.), turismo kulturaleko produktuen klub bat sortzea edo SFIN! Espazioa abian jartzea, Sanferminei eskainia.
Iruñerriari begira egindako planaren barruan gauzatu diren jarduketei dagokienez, nagusiak dira: Ibai Parkean uholdeak prebenitzeko jarduketak; fauna kontserbatzeko eta basoberritzeko neurriak (Etxauri, Arga, Moreako idoia, etab.); bizikletentzako mugikortasuna zabaltzea, tarte berriak sortuz; kontaketa sentsoreak instalatzea; errealitate birtualeko esperientziak Garañon, ibai parkean eta Irulegin; eta baliabideak balioan jartzea, hala nola Garañoko gaztelua edo Gongorako jauregia.
Jarduketa horiek guztiak gauzatu dira Europar Batasuneko Next Generation funtsen kargurako finantzaketari esker, eta Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren onespenari esker.