Ekainaren 17an eta 18an, EBko, enpresetako eta zentro teknologikoetako ordezkariak bilduko dira Iruñean, bioekonomiak industriaren etorkizunean izanen duen zeregin estrategikoa aztertzeko
Nafarroak bioekonomiari buruzko nazioarteko topaketa bat eginen du ekainaren 17an eta 18an Baluarten, Nafarroako Gobernuak, Sodena sozietate publikoak eta ACR+ ekimenak (Baliabideen Kudeaketa Jasangarrirako Hiri eta Eskualdeen Europako Elkartea) elkarrekin antolatuta. Ekitaldian bilduko dira Europako eskualdeetako ordezkariak, enpresetako profesionalak, zentro teknologikoak, klusterrak, I+G eragileak, erakunde inbertitzaileak eta esparru akademiko eta instituzionalekoak, eta aztertuko dute eredu horrek Europaren etorkizun industrial eta ekonomikoan duen zeregin estrategikoa.
Topaketan izena ematea zabalik dago, eta Europako ECIV proiektuaren esparruan garatzen da, haren lidergoa partekatu dute Nafarroako Gobernuak eta Sodenak, eta Europako balio kate industrialetan irtenbide zirkularrak bultzatzen ditu. Esparru horretan, oinarri biologikoko soluzioek funtsezko eginkizuna dute, eta, beraz, bioekonomia da proiektuaren ardatzetako bat.
Beatriz Blasco Sodenako proiektuen kudeatzailearen hitzetan, “topaketaren helburu nagusia da aliantzak sortzea, ezagutza erakartzea, Nafarroako ekosistema nazioartean proiektatzea eta Nafarroarentzat leku bat egitea, bioekonomiari eta eraldaketa industrialari buruzko Europako elkarrizketa handietan”.
Eraldaketa sakoneko testuinguru global batean kokatzen da ekitaldia, erronka energetiko, klimatiko, teknologiko eta geopolitikoek markatuta, eta horrek ekoizpen, kontsumo eta lehiakortasun ereduak birplanteatzera behartzen du. Egoera horretan, bioekonomia Europar Batasunaren apustu nagusietako bat da, ekonomia jasangarriago, erresilienteago eta autonomoago baterantz aurrera egiteko.
Bioekonomia industria politika gakoa da dagoeneko, baliabide biologiko berriztagarriak modu jasangarrian aprobetxatzera bideratua –hala nola biomasa, hondakin organikoak, landareak edo mikroorganismoak–, balio erantsi handiagoko elikagaiak, energia, materialak eta zerbitzuak ekoizteko.
Ikuspegi horrek ahalbidetzen du erregai fosilekiko mendetasuna murriztea, elikagaien segurtasuna hobetzea, berrikuntza bultzatzea eta deskarbonizazioan aurrera egitea; aukera ekonomiko berriak eta kalitatezko enplegua ere sortzen ditu. Gainera, Europako autonomia estrategikoa eta lurralde kohesioa indartzen laguntzen du, landa ingurunera ere jarduera ekonomikoa eramaten baitu.
Datuek erakusten dute eraldaketa horren dimentsioa: 2023an, Europako bioekonomiak 2,7 bilioi euroko balio zenbatetsia lortu zuen, eta 17 milioi enplegu baino gehiago sortu zituen. Espainian, sektoreak 230.000 milioi euro inguru mugitzen ditu eta 1,4 milioi pertsona baino gehiago enplegatzen ditu.
Nafarroa oso ongi kokatua dago eremu horren lidergoa hartzeko, baliabide naturalak, nekazaritzako elikagaien sektore indartsua, industria tradizioa, erreferentziazko zentro teknologikoak eta lankidetza publiko pribatu sendoa konbinatzen baititu.
Foru Komunitateak gaitasuna du ezagutza, industria eta lehen sektorea konektatzeko, balio kate jasangarri eta lehiakor berriak sortuz. Horrela, bioekonomia aukera bat da tokiko baliabideak berrikuntza, industria eta enplegu bihurtzeko, ikuspegi birsortzaile eta eraginkor batetik.
Helburu horrekin, topaketak bilatzen du Nafarroa kokatzea industriaren etorkizunari buruzko Europako eztabaidaren erdian.