Batzordeak irizpenak eman ditu Alemaniak, Austriak, Danimarkak, Esloveniak, Frantziak, Italiak, Norvegiak, Herbehereek eta Suediak barne mugetako kontrolak aldi baterako berrezartzeari buruz.
EBko legeriak barne mugetako kontrolak, aldi baterako, baldintza jakin batzuetan berrezartzeko aukera ematen badu ere, nahitaezkotzat jotzen du Batzordearen irizpena, kontrol horiek hamabi hilabete baino gehiago irauten dutenean. Emandako irizpenek ebaluatzen dute jakinarazitako barne mugetako kontrolen beharra eta proportzionaltasuna, bai eta mugaz haraindiko bidaietan ondorio negatiboak mugatzeko estatu kideek hartutako neurri alternatibo eta aringarriak ere.
Batzordeak Schengen eremu osoan zirkulazio askearen eta segurtasunaren printzipioak defendatzeko konpromisoari eusten dio. Emandako irizpenetan jasotzen dira, orobat, hainbat gomendio, estatu kideek barne mugetako kontrolak pixkanaka ezabatzeko eta kentzeko lan egin ahal izan dezaten.
Estatu kide bakoitzeko egoera desberdina bada ere, funtsezko ondorio komun batzuk nabarmendu behar dira:
- EBko Zuzenbidearen arabera, estatu kideek eskubidea dute mugako kontrolak berrezartzeko, salbuespen gisa eta aldi baterako, ordena publikoarentzat edo barne segurtasunarentzat mehatxu larriren bat dagoenean. Estatu kideek aukera hori erabili dute, segurtasunaren eta migrazio egoeraren mehatxuekin lotutako kezka erreal eta legitimoak direla eta.
- Barne mugetan kontrolak berrezartzeak ondorioak ditu, ezinbestean, inguruko estatu kideentzat. Barne mugetan kontrolak berrezartzea beharrekotzat jotzen denean, funtsezkoa da estatu kideek neurriak hartzea, mugaz gaindiko langileentzat eta komunitateentzat izaten ahal diren edonolako ondorio kaltegarria mugatzeko. Batzordearen elkarrizketa egituratuak, alde batetik, eta Schengengo koordinatzaileak estatu kide ukituekin abiarazi duen kontsulta prozesuak, bestetik, lagundu dute itxaronaldiak nabarmen murrizten eta koordinazio operatiboa eta informazio trukea hobetzen.
- Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna laster da indarra hartzekoa, eta hark indartuko ditu, modu adierazgarrian, barne mugetako kontrolak pixkanaka kentzeko beharrezkoak diren egiturazko baldintzak. Itunak EBren kanpo mugen kudeaketa indartuko du, eta tresna efikazagoak emanen dizkie estatu kideei, Schengen eremuaren barruan izaten ahal diren baimendu gabeko mugimenduei aurre egiteko.
- Sarreren eta Irteeren Sistemak (aurtengo apiriletik erabat aplikagarria) eta Bidaiak Informatzeko eta Baimentzeko Europako Sistema etorkizunean hedatzeak hobetuko dute EBren kanpoko mugez gaindiko mugimenduen gainbegiratzea, eta modu adierazgarrian hobetuko dute Batasunean nor sartzen eta irteten den eta mugimendu horiek noiz eta non egiten diren jakiteko jarraipena.
- Badira barne mugetako kontrolak baino alternatiba efikazagoak eta efizienteagoak. Bereziki, poliziaren kontrol ez-sistematikoak edo identifikazio biometrikorako eta ibilgailuen jarraipenerako teknologia mugikorrak barne mugetako kontrolen alternatiba eraginkorrak dira.
- Kasu gehienetan, estatu kideek dagoeneko erabiltzen ari dira arriskuan oinarritutako kontrolak, ez sistematikoak. Kontrol horiek polizia kontrol ez-sistematikoen antzekoak dira, eta nahiko erraz ordezka daitezke konponbide alternatiboekin.
Testuinguru horretan, Batzordeak gomendatzen du gaiak bereziki ukitzen dituen bederatzi estatu kideek lan egin dezatela, pixkanaka barne mugetako kontrolak ezabatu eta kentzeko, eskura dauden neurri alternatibo guztiak eta eskualde arteko lankidetza erabiliz.