Europako Batzordeak kontsulta publiko bat jarri du abian, alderdi interesdunek eta herritarrek duten iritzia jasotzeko asmoz, hornikuntzaren lurralde mugei aurre egiteko aurreikusitako neurriei buruz.
Hornikuntzaren lurralde murrizketak fabrikatzaile handi jakin batzuek aplikatzen dituzte; horien bidez txikizkako nahiz handizkako merkatariei eragozten diete hainbat produktu Estatu kide batean erostea eta beste batean saltzea. Praktika horiek mugatzen ahal dituzte kontsumitzaileen aukerak, eta desberdintasun nabarmenak ekartzen ahal dituzte, EB osoan, eguneroko kontsumo ondasunen prezioetan.
Txikizkako eta handizkako hornikuntzaren lurralde murrizketak «hamar zitalen» zerrendan jasotzen dira, alegia, merkatu bakarrerako kaltegarrienak diren hamar oztopoen zerrendan, 2025eko maiatzean onetsitako Merkatu Bakarrerako Estrategiaren arabera. Batzordeak konpromisoa hartu du behar diren tresnak garatzeko, justifikaziorik gabeko hornikuntza murrizketei aurre egiteko, lehiaren zuzenbidearen aplikazio eremutik kanpo geratzen diren kasuetan.
EBk abiatu duen kontsultan gonbidatzen dira txikizkako nahiz handizkako merkatariak, fabrikatzaileak, agintari publikoak, kontsumitzaileak, gizarte zibileko erakundeak eta mundu akademikoa, beren ikuspuntuak eta esperientziak partekatu ditzaten, «Esaiguzu zer pentsatzen duzun» atarian. Ekarpenak jasoko dira une honetan egiten ari den inpaktuaren ebaluazioan, eta kontuan hartuko dira gaiari heltzeko aukerak definitzerakoan. Ekarpen horiekin osatuko dira martxoaren 5etik apirilaren 24ra bitartean egindako datu deialdian bildutako ekarpenak.
Kontsulta publikoa hasiera batean ingelesez bakarrik argitaratzen da eta 12 astez egonen da zabalik. Laster beste hizkuntza batzuetan ere eskuragarri egonen da. 12 asteko kontsulta aldia berriz hasiko da EBko hizkuntzen bertsio guztiak eskuragarri daudenean.