Europako Batzordeak 500 milioi euroko estatu laguntzen araubide espainiar bat onartu du, Ekialde Hurbileko krisiaren ondorioz ongarrien prezioetan izan den igoera jasaten duten nekazaritza enpresei laguntzeko.

Araubidea onetsi da Ekialde Hurbileko krisiari erantzuteko aldi baterako laguntzen esparruan, zeina Batzordeak onetsi baitzuen 2026ko apirilaren 29an.

Espainiak 500 milioi euroko laguntza araubidea jakinarazi zion Batzordeari, nekazaritza produktuen ekoizpen primarioan ari diren enpresei laguntzeko. Araubidea 2026ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean, eta ongarrien prezioen igoeraren ondorioak arintzea du helburu.

Dirulaguntza gisa emanen dira laguntzak. Enpresek 22 euro jasotzen ahalko dituzte lehorreko hektarea bakoitzeko eta 55 euro ureztalurreko hektarea bakoitzeko; gehienez ere 300 hektareatarako laguntza izanen dira onuradun bakoitzeko. Laguntzek estaliko dute Ekialde Hurbileko krisiaren ondorioz ongarrien prezioari eragiten zaion kostu gehigarriaren % 70eraino.

Batzordeak EBren estatu laguntzei buruzko arauak kontuan hartuta ebaluatu du neurria, eta, bereziki, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren («EBFT») 107. artikuluaren 3. apartatuko c) letraren arabera, zeinak aukera ematen baitie estatu kideei jarduera ekonomiko jakin batzuk baldintza jakin batzuen arabera garatzen laguntzeko, bai eta METSAF ekimenaren 1. eta 2.1., atalak ere.

Batzordeak egiaztatu du Espainiako araubidea bat datorrela METSAFen ezarritako baldintzekin. Zehazki, laguntza emanen da aurrekontu zenbatetsi argia duen araubide batean oinarrituta, eta laguntzak eskainiko dira, aldi batez laguntzeko nekazaritzako produktuen ekoizpen primarioan lan egiten duten enpresen garapenari. Batzordeak ondorioztatu duenez, araubidea beharrezkoa, egokia eta proportzionatua da, jarduera ekonomiko baten garapena errazteko, eta ez ditu trukeen baldintzak aldatzen, interes komuna kaltetzeko moduan.

Arrazoi horiek oinarri hartuta, Batzordeak Espainiako laguntzen araubidea onetsi du, EBko arauen arabera.