Europako Batzordeak onartu du, EBren estatu laguntzei buruzko arauak betez, gaitasun mekanismo bat, 9000 milioi eurokoa, Espainiako elektrizitate hornidurarako. Laguntzeko neurri horren helburua da bermatzea, alde batetik, gaitasun aski izanen dela elektrizitatea malgutasunez ekoizteko, biltegiratzeko edo kontsumitzeko, eta bestetik, elektrizitatearen ekoizpenak erantzunen diola aurreikusitako eskaerari.
Espainiak Batzordeari jakinarazi zion elektrizitate horniduraren segurtasuna bermatzeko gaitasun mekanismo bat sortu duela. Neurriak hamar urteko iraupena izanen du, 2026ko maiatzetik aurrera.
Mekanismo horrek merkatu osoa hartzen du, eta horren baitan, Garraio Sarearen Kudeatzaileak ordainduko du fidagarritasun estandarra betetzeko beharrezkoa den gaitasun guztia, hau da, sareak horniduraren segurtasun egokia bermatzeko urtean bete behar dituen karga galduaren gehieneko ordu onargarriak ordainduko ditu. Karga galdua da hornidura etetearen ondorioz bete ezin den eskari elektrikoaren kopurua. Fidagarritasun estandarra ezarri da Espainiako baliabideen egokitzapenaren ebaluazio nazionalean oinarrituta, eta ontzat eman du Energia Erregulatzaileen Lankidetza Agentziak (ACER).
Gaitasun mekanismoa irekita egonen da eskasia aldietan erabilgarri egotea eskaintzen duten proiektu guztientzat, lehendik daudenak izan nahiz berriak izan. Proiektu horien barruan sartzen dira elektrizitatea sortzea, eskariari erantzutea (horniduraren murrizketari erantzuteko kontsumoa murrizten duten parteak) eta biltegiratzea (ingurumenaren onargarritasun irizpideei lotuta). Onuradunak hautatuko dira lizitazio prozedura garden eta ez-diskriminatzaileen bidez. Neurriaren aurrekontua 900 milioi euro ingurukoa da urtean, hau da, 9000 milioi euro inguru hamar urteko epean, gaitasun enkante bakoitzaren emaitzen arabera.
Neurria zabalik egonen da Espainian kokatutako proiektuentzat. Espainiak ahaleginak eginen ditu interkonektatutako gainerako estatu kide guztien parte-hartzea errazteko, ahal den lasterren. Gaitasun mekanismoak malgutasun zerbitzuak sustatzen lagunduko du (biltegiratzeen kudeatzaileak eta eskariaren erantzuna), beharrezkoa denean, Espainiako malgutasun helburu nazionala lortzeko, EBko zuzenbidearekin eta ACER agentziaren metodologiarekin bat etorriz. Gaitasun mekanismoak barne dituen ezaugarriak egokiak dira bermatzeko fidagarritasun estandarrera iristeko aski izanen den elektrizitate sorkuntza garbia.