Astebete baino ez da geratzen Batzordearen kontsulta publikoari erantzuteko, laster eratzekoa den Geratzeko Eskubidearen Estrategiari buruzko datuak biltzeko; estrategia hori funtsezko ekimena da eskualdeen eta lurraldeen garapena indartzeko EBn. Estrategiaren onespena aurreikusia dago 2026ko laugarren hiruhilekorako, eta haren helburua da komunitateen erronkak identifikatzea eta haien lehiakortasuna eta erakargarritasuna hobetzeko irtenbideak proposatzea. Guk nahi dugu herritar guztiek aukera izatea, nahi badute, jaio edo hazi diren eskualdean edo herrian geratzeko eta han etorkizun oparoa eraikitzeko.

Erantzuteko epea ekainaren 5ean amaituko da.

Fitto lehendakariorde exekutiboak hau adierazi zuen: «“Geratzeko eskubidea” deritzonak pertsonak, komunitateak eta lurraldeak ditu ardatz. Kontua da europar guztiei askatasuna ematea beretzat etxea den tokian geratzeko, hazteko eta etorkizuna eraikitzeko. Alde egitea beti izan behar da aukera librea, inoiz ez aukera faltak eragindako beharra. Horregatik, Europako eskualdeak lehiakorragoak, hobeki konektatuak eta erakargarriagoak izan daitezen lan egiten dugu, zerbitzuetan, konektibitatean eta hezkuntzan inbertituz. Izan ere, lurraldeak hazten eta garatzen direnean, pertsonek aukeratzen ahal dute geratzea, aurrera egitea eta haien parte sentitzea».

Estrategiaren helburuak

Batzordeak ikuspegi bat proposatzen du, eskualdeetan geratzeko eskubidea bermatzen laguntzen duten EBko politiken, programen eta ekimenen azterketan zentratua. Asmoa da beren herrian edo eskualdean arrakasta izan duten ekimenen adibideak nabarmentzea, eta neurriak sustatzea, Europako lurraldeak dinamikoagoak eta erresilienteagoak izan daitezen.

Herritarren parte hartzea

Kontsulta publikoa zabalik egonen da 2026ko ekainaren 5eko 0:00ak (CEST) arte. Ekarpen guztiak argitaratuko dira webgune ofizialean eta kontuan hartuko dira estrategiaren azken diseinuan. Parte hartzeko, erregistratu edo saioa hasi behar duzu sare sozialetako kontu batekin, eta zure iruzkinak bidali deialdia estekaren bidez. Ekarpen bakoitza parte hartzeko jarraibideetara egokitu behar da.