Next Generation funtsen kargura Europak Imarkoaingo ingurumen azpiegiturari emanen dion finantzaketak inbertsioaren % 60 estaliko du, lursaila kontuan hartu gabe.
Iruñerriko Mankomunitateko Ingurumen Zentro berriak 38,4 milioi euroko ezohiko finantzaketa lortu du, beste erkidego batzuetan gauzatu ez diren Next Generation funtsen SEMei esker; obrak amaitzear daude Imarkoainen. Gerakin horiek aprobetxatuz, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak funtsak kudeatu eta transferitu ditu, ekonomia zirkularra garatzeko bere estrategiaren barruan, eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (MITERD) baliozkotu berri ditu.
Horrela, proiektuaren ziurtapeneko benetako kostua 84 milioi eurokoa izanen da guztira (BEZik gabe): SEMek 11,6 milioi euroko ekarpena egin zuten jada, eta orain beste 38,4 milioi osagarri gehitu zaizkio proiektuari, injekzio berri horren bidez. Beraz, Next Generation funtsen kargura Europak Imarkoaingo ingurumen azpiegiturari emanen dion finantzaketak inbertsioaren % 60 estaliko du, lursaila kontuan hartu gabe.
José Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, Ana Bretaña Ingurumeneko zuzendari nagusiarekin batera, lan bilera bat egin du gaur, asteartea, David Campión Iruñerriko Mankomunitateko presidentearekin, Alfonso Amorena erakunde horretako gerentearekin eta Paula Salanueva finantzetako zuzendariarekin, azpiegitura horren administrazio eta finantza izapideen inguruko kontuak amaitzeko. Azpiegitura hori abian jartzeak jauzi kualitatiboa ekarriko du Foru Komunitatean hondakinen tratamenduaren eta kudeaketaren arloan.