700.000 euro inguruko inbertsioa egin da, eta “Nafarroako Ur Digitala (ADNa)” izeneko Europako Suspertze eta Eraldatze Ekonomikorako Proiektu Estrategikoak haren % 50 baino gehiago finantzatu du
Óscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariak Aratzuriko hondakin uren araztegian egin diren hobekuntzen aurkezpenean parte hartu du gaur. Hobekuntza horiek 8 milioi euroko inbertsio berezia ekarri dute, azken bi urteetan. Hala, lanak egin dira arlo hauetan: arazketa prozesuen hobekuntza aurreratua, sortutako lohien birziklapena eta eguzki jatorriko energiaren ekoizpena. Inbertsio horiei esker, uren eta lohien lerroa indartu ahal izan da, eta instalazioa Europar Batasunak eskatzen dituen baldintza tekniko eta ekologiko aurreratuagoetarako prestatu ahal izan da.
Instalazioetara egindako bisitan, Lurralde Kohesiorako kontseilariak Aratzuriko instalazioko “lan ona” nabarmendu du, bai Iruñerriko Mankomunitatearena, bai NILSA enpresa publikoarena. Bertan, Nafarroako lohien % 60 tratatzen dira. Araztegi horrek 1990etik ematen dio zerbitzua Iruñerriari, eta “orain arte ez da arazo bakar bat ere egon”, kontseilariak nabarmendu duenez. Gainera, azpimarratu du “eredu arrakastatsua” dela, “Nafarroako Gobernuak Tuteran ezarri nahi duenaren antzekoa”.
Alde horretatik, azpimarratu du Tuterako araztegia handitzeari uko egiten diotenek “ezetz esaten dietela ekonomia zirkularrari, nekazaritza sektoreak bere laboreetarako ongarri berriztagarriko iturri garrantzitsua izateari eta energetikoki beregaina izateari. Teknikoki segurua, ekonomikoki efizientea eta operatiboki beharrezkoa den proiektu bati ezetz esaten ari dira”.