Zuzentarau horrek erronka berriei heltzen die, ikerketa eta epaitzea hobetzen ditu, prebentzioa eta biktimentzako laguntza indartzen ditu, eta adingabeenganako sexu abusuaren aurkako borrokan koordinazio hobea sustatzen du.

Hauek dira arau komun berrien funtsezko puntuak: definizio eguneratuak, errealitate modernoak islatzen dituzten delitu berriak, prebentzioaren arloko arau indartuak eta biktimentzako babes handiagoa. Adingabeengabako sexu abusuaren mehatxu digitalak bilakaera nabarmena izan du azken urteetan. EBk eremu horretan gaur egun dituen arauak 2011n adostu ziren, eta egokitu egin behar izan dira, ordutik hona mundu digitalean gertatu den iraultzari aurre egiteko.

Adingabeenganako online sexu abusuei buruzko salaketak nabarmen gehitu dira: 2010ean milioi bat izan ziren eta 2025ean, aldiz, 23 milioi baino gehiago. Txosten horietan 61,8 milioi artxibo zeuden, 29,4 milioi irudi eta 26,3 milioi bideo barne. Halaber, datuek erakusten dute adingabeekin online harremanetan jartzeko eskaeraren (grooming delakoa) hazkunde esponentziala, txostenen kopurua 30ez biderkatu baita azken 5 urteetan.

Zuzentarau hori lorpen esanguratsua da. Hala ere, delitugileak identifikatzeko gai bagara bakarrik izanen da eraginkorra. Gaur egun, adingabeenganako sexu abusuari buruzko ikerketa penalen % 80 abiarazten dira, online zerbitzuak ematen dituzten erakundeek abusuari buruzko irudiekin eta bideoekin prestatzen dituzten txostenak direla medio. Beraz, funtsezkoa da legeak aldi berean egiten dituztenek lehenbailehen adostea salaketa horietarako arauak, adingabeenganako online sexu abusua eraginkortasunez prebenitu eta borrokatzeko.

Informazio gehiago