Europako Batzordeak Europako enpresa txiki eta ertainei (ETE) buruzko 2025-2026 urteko txostena eta Europako emakumezko enpresaburuei buruzko txosten berria argitaratu ditu gaur.

Bi txostenek datu berriak ematen dituzte, enpresa txiki eta ertainei zuzendutako etorkizuneko politikak, ekimenak eta finantzaketa neurriak babesteko.

Urteko txostenak erakusten du Europako 34 milioi ETEek hazkunde sendoa izan zutela 2025ean, eta, aldi berean, azken krisietatik suspertzen jarraitu zutela. Enpresen kopuruak % 1,8 egin zuen gora, benetako balio erantsia % 2,5 handitu zen eta enplegua, berriz, % 1. Txostenak ikuspegi orokorra eskaintzen du enpresa txiki eta ertainen produktibitatea bultzatzen ahalko luketen aukerei buruz (adibidez, teknologia berriak eta adimen artifiziala –AA–, zeinetan ETEak enpresa handien atzetik baitoaz).

2025ean, enpresa handien % 55ek erabili zituzten AAko teknologiak, enpresa ertainen % 30,4k eta enpresa txikien % 17k. Txostenak, halaber, aztertu egiten ditu bai balio kateetan ETEek aldaketa teknologiko disruptiboko uneetan dituzten erronka gehigarriak, bai produktibitatean dituzten inplikazioak, automobilgintzaren sektorea erabilita aztertzeko adibide gisa.

Emakumezko enpresaburuak Europan: datuak, oztopoak eta laguntzeko gomendioak txostenak EB osoko emakumeen ekintzailetza aztertzen du, eta emakumeek zuzendutako enpresek negozioak abian jartzeko eta hedatzeko orduan dituzten erronkak identifikatzen ditu, bai eta emakumezko enpresaburuek finantzaketa lortzeko dituzten zailtasunak ere. Txostenak erakusten duenez, EBko enpresen jabetzaren % 33 baino ez da emakumeena. Gainera, enpresa horiek sektore tradizional eta «femeninotzat» hartzen direnetakoak izan ohi dira, hala nola pertsonentzako zerbitzuak (% 69), osasuna eta gizarte lana (% 65) eta hezkuntza (% 57); beste sektore batzuetan, berriz, ordezkaritza txikia dute emakumeek. Txostenaren amaieran, bost gomendio espezifiko ematen dira ingurune mesedegarri bat indartzeko eta emakumezko enpresaburuen eta emakumeek zuzendutako enpresen oraindik ustiatu gabeko potentziala aprobetxatzeko.