Europako Batzordeak EUROPA hautatu du Frontier AI Grand Challenge (mugako AAren erronka handia) lehiaketako irabazle. EUROPA Europako partzuergo bat da, Domyn enpresa italiarra buru duena. Proiektuak kode irekiko adimen artifizialeko (AA) eredu bat garatuko du, EBko 24 hizkuntza ofizialak barne hartuko dituena.

Batzordeak EUROPA hautatu du, EBk bere azpiegituran AA aurreratu bat garatzeko duen gaitasuna indartzen laguntzeko. Proiektuak erakusten du, halaber, Europak AAko sistema aurreratuak sortzeko talentua, azpiegitura eta industria gaitasuna dituela.

EUROPAren eredua modu irekian egonen da eskuragarri, eta adimen artifizialaren arloan mundu mailako abangoardiako errendimendua eskaintzeko diseinatuta egonen da. Lagungarria izanen da Batasun osoko pertsona eta erakunde gehiagok onura ateratzeko  AAko aurrerapenei , eta, horrela, adimen artifizialeko teknologia aurreratuak eskuragarriagoak izanen dira enpresentzat, ikertzaileentzat eta erakunde publikoentzat, Batasuneko hizkuntza guztietan.

2026ko otsailean abian jarritako Frontier AI Grand Challenge lehiaketak adimen artifizialaren arloko Europako erakunde berritzaile nagusiak bultzatu zituen 400.000 milioi parametroko baino gehiagoko eredu bat proposatzera, munduko AAko sistema aurreratuenen berezko eskala bat.

Henna Virkkunen Subiranotasun Teknologikoaren, Segurtasunaren eta Demokraziaren presidenteorde exekutiboak honako hau adierazi du: «Europak liderra izan daiteke AA aurreratuan, bere terminoetan. EUROPAk abangoardiako AAren Europako eredua sortuko du EBko 24 hizkuntzetan, eta, horrela, agerian utziko du Europa onenen mailan egon daitekeela, bere balioekiko leiala izateari utzi gabe. Europak AAren etorkizuna eratzeko duen gaitasuna indartu nahi da, irekitasuna, konfiantza eta autonomia estrategikoa funtsezko zutabetzat hartuta».