Nafarroako Gobernuak Kanadan aldarrikatu du eskualdeek “demokrazia indartsuetan eta giza garapen jasangarrian” oinarritutako geopolitikan duten zeregina. Printzipio horiek, proiektu zehatz batzuez gain, garapen-esparru egokia aurki dezakete Nafarroa defendatzen ari den eta urtebete baino lehen eratzea espero den Makroeskualde Atlantikoan. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren ordezkariak adierazi duenez, “munduko inpaktuak kudeatu behar ditugu tokiko esperientzietatik abiatuta, eta, horretarako, eskualdeen baterako gobernantzan aurrera egin behar dugu, herritarrengandik hurbilago dauden erakunde gisa”.

Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza batek Europako Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziako Arku Atlantikoaren Batzordearen Batzar Nagusian parte hartu du egunotan, Quebecen. Bertan, Europaren eta Ardatz Atlantikoko beste eremu batzuen arteko lankidetzaren aldeko adierazpena onartu da, ozeano horretara jotzen duten eskualdeen bidez. Sei estatutako (Irlanda, Erresuma Batua, Frantzia, Espainia, Portugal eta Kanada) 20 eskualde baino gehiagotako ordezkariek parte hartu dute bileran, eta guztira 60 milioi biztanle baino gehiago biltzen dituzte beren eremu geografikoan.

Garraioari eta energia berdeari, klima-aldaketari, erronka demografikoari eta kultura- eta hizkuntza-aniztasunari buruzko gaiak eztabaidatzeaz gain, topaketak garapen jasangarriaren eta demokraziaren sendotasunaren aldeko konpromisoa berresteko balio izan du, ziurgabetasun ekonomiko eta politikoz betetako nazioarteko testuinguru batean.

Nafarroak Europatik ere defendatzen du kohesio-politika deszentralizatua, eta jarrera berari eutsi dio batzorde honen aurretik egindako beste topaketa batzuetan: Donostian (2022), Cardiffen (2023), Sinesen (2024) edo, iaz, Bartzelonan. Gauza bera  Europako Itsas Eskualde Periferikoen Konferentzia batzar orokorretan, Arku Atlantikoaz gain beste bost batzorde biltzen baititu.

Foru Komunitatea Arku Atlantikoaren Batzordearen parte da  Europako Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziaren bidez 1996tik, eta haren aurreko topaketa guztietan, trantsizio ekologikoaren eta kogobernantzaren arloko esperientzia zehatzak balioan jartzeaz eta partekatzeaz gain, Nafarroako ordezkaritzak berretsi egin du Arku Atlantikoko Makroeskualdea deritzona sortzeko babesa, zeina, azken informazioen arabera, datorren urteko ekaina baino lehen eratzen ahalko litzatekeen. Eskualde horrek 60 milioi biztanle baino gehiago (Europako biztanleriaren % 12) bilduko lituzke, sei estatutako eskualdeetan banatuta (Irlanda, Erresuma Batua, Frantzia, Espainia, Portugal eta Kanada), Andaluziatik Quebec-eraino (kasu honetan anfitrioi izan da).

Gogoratu behar da Nafarroa – 82 saretan dago – duela gutxira arte Automozioari buruzko Eskualdeen Aliantzaren (IAA) eta Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen buru izan dela, eta, gaur egun, Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) buru dela. Nafarroak, Kanpo Ekintzako II. Planaren barruan, Europako sare eta erakunde zabalagoetan parte hartzearen aldeko apustu estrategikoa egiten du, eta balio erantsia du hidrogeno berdearen, energia eolikoaren eta beste berriztagarri batzuen sustapenean, ekonomia zirkularrean edo ekonomia sozialean duen esperientziatik, besteak beste.

Informazio gehiago