Nafarroako Gobernuak eranskin bat onartu dio Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioarekiko (orain Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioa) hitzarmenari, 2021ean Next Generation-EB funtsekin abiatutako birgaitze publikoko lau proiektu enblematiko burutzeko aurten: Iruñeko Rozalejo Markesaren Jauregia eraberritzea, Nafarroako Memoriaren Institutuaren egoitza bihurtzeko; Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Green Smart & Sustainable Campusa bultzatzea; Eraikuntzaren Industrializazio eta Robotika Zentro berri bat eraikitzea, hori ere Iruñean, eta Askuntze Etxea birgaitzea, Nabaskozen, Pirinioetako udalerri honetan erreferentziazko topagune eta aisiarako gune bat sortuz, biztanleria-galeraren aurkako borrokan laguntzeko helburuarekin.
Rozalejoko Markesaren jauregiko obrak eta NUPeko campusa ingurune jasangarri eta adimentsu bihurtzeko aurreikusitako esku-hartzeak burutu ondoren (ekainaren 30ean burutuko da), Nafarroako Gobernuak erabaki du estatuarekin sinatutako hitzarmenari eranskin bat eranstea. Hitzarmen horren bidez, sei hilabeteko epe gehigarria ezartzen da Transportes Iruñaren nabe zaharretan Eraikuntzaren Industrializazio eta Robotika Zentroa burutzeko eta Askuntze Etxea birgaitzeko. Neurria Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioaren eta Foru Komunitatearen artean maiatzaren 4an egindako aldebiko batzordean aho batez lortutako akordioaren emaitza da.
Horrela, hitzarmen honetan jasotako Eraikin Publikoak Birgaitzea Bultzatzeko Programak (PIREP) azken lanei ekinen die. Ekimen hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan dago, eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatzen da (Next Generation EU funtsak).
Hitzarmen horren bidez, Foru Komunitateak 2021ean Europar Batasuneko (EB) CID 37 helburuari laguntzeko konpromisoa hartu zuen, titulartasun publikoko eraikinen birgaitzea sustatzera bideratua, haien energia-efizientzia, irisgarritasuna eta jasangarritasuna hobetuz eta gizarte-premia berrietara egokituz. Nafarroan sustatutako lau jarduketek 46.000 metro koadro baino gehiago hartzen dituzte, Rozalejoko Markesaren jauregian (2.730 metro koadro), Green Smart & Sustainable Campusean (40.000 metro koadro), Industrializazio eta Robotika Zentroan (2.804 metro koadro) eta Askuntze Etxean (655 metro koadro) sustatutako birgaitzeen emaitza gisa.
2026ko martxoaren 20an, CID 37k lortu du estatuan 1.239.691 metro koadroko birgaitzea sustatzea, birgaitutako eraikinetan energia-efizientzia gutxienez % 30 hobetuz, EBrekin hartutako konpromisoa betez.