Mintegian, Navarrefaren beste edizio bat iragarri da. Ekitaldia azaroaren erdialdean izanen da, eta bertan bilduko dira mugaz haraindiko POCTEFA programak 2021-2027 aldian finantzatuko dituen Europako 83 proiektutan parte hartzen duten Nafarroako entitateak.

Gaur goizean, ehun pertsonak baino gehiagok parte hartu dute INTERREG POCTEFA Helburua deialdian programatutako proiektuetako entitate bazkideentzako mintegi batean. Mintegi hori Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak antolatu du, eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak inauguratu du.

Bere hitzaldian, Ollok iragarri du Europako proiektuen azoka bat antolatuko dela eta bertan bilduko direla mugaz haraindiko lankidetza proiektuak garatzeko asmoz Europaren laguntza jaso duten Nafarroako enpresa, unibertsitate, sozietate publiko, udal, toki entitate eta elkarte guztiak: “NAVARREFA 2021-2027”.

Europako INTERREG POCTEFA programak finantzatutako proiektuen kapitalizazio ekitaldi handiena izanen da, eta 2014-2020 aldiari zegozkion proiektuen inguruan 2021eko urrian egindako ekitaldiaren antzekoa izanen da.

«Mugaz haraindiko lankidetzaren emaitzak erakutsi nahi ditugu, eta, gainera, parte hartzen duten entitateei esperientziak trukatzeko eta jardunbide egokietatik ikasteko topagune bat eskaini nahi diegu; izan ere, Europaren eraikuntza tokikotik eta eskualdekotik egiten dugu, bereziki mugako eremuetan gaudenok, Nafarroa osoa kasu», azaldu du Ollo lehendakariordeak bere hitzaldiaren une batean.

Mintegia antolatzeko, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, lizitazio publiko bat du abian, eta aurkezteko epea ekainaren 26an bukatuko da. Hori dela eta, ekitaldiak antolatzeko interesa duten enpresa guztiek horri buruzko informazioa kontsultatzen ahal dute  Nafarroako Kontratazioaren Atarian.

Informazio gehiago