“Jasotako laguntzari esker, hemen ametsak lor daitezke”. Ibrahim A.A. Ezzedinen hitzak dira, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak kudeatutako babesletza komunitarioko programa bati esker Nafarroan artatutako errefuxiatua. Guztira, Foru Komunitatean 46 pertsona artatu dira mota horretako programei esker, San Francisco Javier Fundazio Zibilearen Tuterako Padre Lasa zentroaren bidez. Zentro horren emaitzak Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak partekatu ditu aste honetan Bruselan, parte hartzen duen SHARE proiektuaren itxieraren esparruan.

“Aireportura iritsi ginenetik, harrera egitera etorri zitzaizkigun pertsonak oso atseginak izan ziren gurekin”, nabarmendu du Ezzedinek, beretzat funtsezkoa izan baita finantza- eta administrazio-laguntza. «Arrazakeria leku guztietan dago, baina hemen ez dugu sentitu, jendea oso atsegina da, irekiagoa, eta oso pozik gaude», azpimarratu du ikus-entzunezko pieza batean. Pieza horrek Nafarroako babes komunitarioko programen helburua laburbiltzen du, eta Bruselan aurkeztu da.

Zehazki, horrelako programek laguntza finantzarioa, praktikoa eta emozionala ematen diete errefuxiatuei, beren bizitzak berreraikitzen laguntzeko, tokiko kulturara eta tradiziora egokitzen laguntzeko, aholkularitza eta laguntza emanez, bai eta lotura-aukerak ere. Europan, duela hamar urte jarri ziren abian babesletza komunitarioko programak, eta Nafarroan 2021ean iritsi ziren artatutako lehen familiak.

«Babesletza komunitarioan, oso interesgarria da eragileen arteko sinergia eta lankidetza: Nafarroako Gobernua, toki-entitateak eta gizarte zibila. Horri esker, artatutako familiak erabat integratzen dira gure lurraldean eta gure gizartean», adierazi du Eva Gurría Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak. Bruselara joan da, Alfonso del Val Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuko zuzendariarekin eta Izaskun Ongay Europako Proiektuen eta Lankidetzaren Bulegoko buruarekin.

Belgikako hiriburua bisitatzean, Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiak esperientziak eta jardunbide egokiak partekatu ditu arlo horretako ehun bat profesionalekin, babes komunitarioko jardunbide berrien ezarpenari buruz hausnartzeko eta Europan lankidetza berriak bilatzeko.

Prospekzio-lan horretan, Nafarroako Bruselako Ordezkaritza ere bisitatu da, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak babes komunitarioari eta Europako beste proiektu batzuei buruz egindako lana ezagutarazteko, bai eta Europako testuinguruan lan-ildo berriak aztertzeko ere.

Informazioa