Europako Batzordeak subiranotasun teknologikoko neurrien sorta bat aurkeztu du, Europak erdieroaleen, adimen artifizialaren (AA), hodeiaren eta kode irekiaren arloan duen gaitasuna indartzeko neurrien multzo bat.
Ursula von der Leyen Batzordeko presidentearen esanetan: «Ez gara beste batzuen mende egoten ahal gure ospitaleen funtzionamendua, gure energia-sareen egonkortasuna eta gure zerbitzuen segurtasuna bermatzen duten teknologietarako. Kontua da gure herritarrak babestea, gure interesak defendatzea eta geure erabakiak hartzea. Europak talentua du, bikaintasuna ikerketan, oinarri industriala eta merkatu bakarra. Elkarrekin, indargune horiek subiranotasun teknologiko bihurtu behar ditugu».
Paketeak bi lege-proposamen jasotzen ditu: 2.0 Txipen Erregelamendua eta hodeiko konputazioa eta adimen artifiziala garatzeko Legea, bai eta kode irekiko estrategia eta energiaren sektorean digitalizaziorako eta AArako ibilbide-orri estrategiko bat ere.
Elkarrekin, neurri horiek babesten dute Europak AAko kontinente lider bihurtzeko duen asmoa, haren autonomia digitala indartzen dute eta etorkizun digital jasangarriagoa eraikitzen laguntzen dute. EBko enpresentzat, herritarrentzat eta administrazio publikoentzat funtsezkoak diren teknologia-aukerak zabaltzea ahalbidetuko dute.
Europa, neurri handi batean, Europar Batasunetik kanpoko oinarrizko teknologia digitalen hornitzaileen mende dago, eta neurri horiek AAren hedapenarekin ahalmen informatikoaren eskaria izugarri handitzen ari den unean iristen dira. Paketea diseinatuta dago egiturazko mendekotasunak murrizteko eta bermatzeko Europak garatzen, hedatzen eta finkatzen ahalko dituela Europako herritarren mende dauden teknologiak. EBren ikuspegi teknologikoan aldaketa garrantzitsua adierazten du.